Bizkaiko Unibertsitateetako ikaslegoak askoz ere gutxiago ordaindu beharko du autobus zerbitzua

2024-05-07
Tokiko Garapena
Urola eta Deba bailaretako udalak pozik agertu dira, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako foru departamentuak Bizkaiko unibertsitateetatik joan-etorria egiteko garraio zerbitzua sustatu duelako.

Azkoitia, Azpeitia, Zestoa, Zumaia eta Mendaroko Udalak pozik agertu dira Gipuzkoako Foru Aldundiak Bizkaiako unibertsitateetatik joan-etorria egiteko garraio sustatu, eta diruz lagundu duelako, benetako behar bati erantzunez. Dirulaguntza tarteko, Bizkaiko campusetara joaten diren ikasleek eta langileek askoz gutxiago ordaindu beharko dute garraioa, eta erakundeen arteko lankidetzari esker lortu da bideratzea.

Gaur arratsaldean, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatu Azahara Domínguezek, bost udaletako alkateek, Ziztu Unibertsitate Elkarteko eta Iraurgi Berritzeneko ordezkariek prentsaurrekoa eman dute, erabakiaren berri emateko. Izan ere, neurri horrek, zalantzarik gabe, unibertsitateko ikasleen eta haien familien eta zerbitzua erabiltzen duten langileen ekonomia babesten du.

Nagore Alkorte Azpeitiko alkateak esan du “txalogarria” dela herritarren eta erakundeen arteko elkarlanaren bidez lortutakoa. “Ziztuko kideak gugana etorri zirenean laguntza eske, hasieratik erakutsi genien gure esku zegoena egiteko prestutasuna. Eta pozik gaude Bizkaian ikasi eta lan egiten duten herritar askorentzat ona den neurri bat lortu dugulako denon artean”.

Azkoitiko alkate eta Iraurgi Berritzenen presidente Ana Azkoitiak ere lankidetzan jarri du fokua. “Herri eta bailara ikuspegitik, indargunea da garraio publikoa. Behar baten inguruan udalerriak batzea lortu dugu, eta Iraurgi Berritzenen presidente gisa, azpimarragarria dela uste dut. Proiektu estrategikoen inguruan herriak eta bailarak bat eginda, urrutirago iritsiko gara. Lorpen hau horren adibide da”.

Mugi zerbitzuen tarifekiko parekatzea

Oraindik aplikatu beharreko tarifei dagokienez doikuntza batzuk egin behar badira ere, zerbitzu horren erabiltzaileen gastua Mugin integratuta balego izango luketenaren antzekoa izango dela uste da. Tarifek atzeraeragina izango dute, eta tarifa berriak aurtengo urtarrilaren 1etik aurrera aplikatuko dira.

Ziztu Unibertsitate Elkartea lehengo Piper Elkartea ordezkatzera dator, Urolako eta Debako udalerrien eta EHUko eta Deustuko campusen arteko garraio publikoaren kudeaketaz eta sustapenaz arduratzeko. Aldalur garraio konpainiak eskaini izan du bi eskualdeen eta Bilbo/Leioa arteko zerbitzua azken 25 urte baino gehiagoan. Iazko uztailean, erabiltzaileek udaletara jo zuten konponbide bat eskatzeko, garraio-konpainiak zerbitzua errentagarria ez zela-eta, prezioak igotzeko beharra zuela jakinarazi ondoren.

“Hasiera-hasieratik – Ziztu Unibertsitate Elkartetik adierazi dutenez – eskualdeko komunikazio eta garraio arazoari irtenbidea bilatzeko jarrera bikaina izan zuten Udalek. Dagoen inkongruentzia testuinguruan jartzeagatik eta ezagutarazteagatik, Azkoitia eta Donostia arteko ibilbide laburrenaren distantzia 55 km-koa da, eta Azkoitia eta Bilbo artekoa, 65 km-koa, hau da, 10 km gehiago. Hala ere, Azkoitia – Donostia arteko ibilbidean 30 minutuko maiztasuneko autobus-linea dugu, eta Bizkaiko hiribururako, berriz, ez dago lineako garraio zuzenik “. “Gipuzkoako -gaineratu dute- zonalde honetako jende askok du ikastera edo lanera Bizkaira egunero joateko benetako beharra, baina, hala ere, lehenasunak aldatu, pisu bat alokatzeko diru-kopuru neurrigabea gastatu, edo egunero autoa hartu beharrean aurkitzen dira, horrek dakarren arriskuarekin eta gainkostuarekin”.

Elkarteko eta udalen arteko hainbat bileraren ondoren, Ziztu Elkarteak eta Udalek erantzun bat emateko eskatu zioten Foru Aldundiari, eta onartutako dirulaguntza erabiltzaileek “salbamendu” tzat jo dute. Ziurtatu dutenez, “unibertsitateko garraio-lineari eusteaz gain, benetako eta beharrezko garraio-premiari erantzutea ahalbidetuko du. Ikasleei nahien dutena ikasteko aukera erraztuko die, familiei gehiegizko kosturik eragin gabe; langileei aukera emango die distantzia jakin batera joateko, eta distantzia hori, bestela, onartezina izango litzateke, bai erregaien kostuengatik, bai egunero hainbeste kilometro gidatzeak dakarren arriskuagatik; kutsadura gutxitzen eta errepideetako segurtasuna handitzen lagunduko du, autobideko ibilgailuen kopurua murriztuko delako, eta, zalantzarik gabe, inguruko herriei bultzada sozioekonomikoa ematen lagunduko du”.

Azahara Domínguez diputatuak, bestalde, gogoratu du lehentasuneko erabaki bat izan dela dirulaguntza hau diputatu izendatu zutenetik, duela urtebete baino gutxiago. “Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuan garraio publikoa gipuzkoarren beharretara egokitu dadin lan egiten dugu. Baita gure eskumenetik kanpo daudenean ere, kasu honetan bezala, garraio berezia delako. Ez dugu inor atzean utzi nahi. Gure ustez, ezin da muga ekonomiko eta geografikorik egon unibertsitateko prestakuntza jasotzeko, eta, horregatik, lanean jarraituko dugu guztiontzat irisgarria den eta Gipuzkoa justuago bat eraikitzen lagunduko duen garraio publiko baten alde”, adierazi du.

Azkenik, Ziztu elkarteak eskertu nahiko luke “Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako departamentuari eskualdeko lehentasun handieneko zerbitzu hori diruz laguntzeagatik, bai eta Urola eta Debako herrietako udalei eta erakunde publikoei ere, azaldu duten prestutasuna eta babesagatik, eta Euskal Herriko Unibertsitateari UPV/EHU emandako bitartekotza-lanagatik”.

iraiurgi berritzen, elkarlan saio baten irudia