Urriaren 15ean Azkoitian egindako Ekintzailetza Gunea lan-bileran, Urola Erdiko ekintzailetzari lotutako lau lan-ildo nagusi jorratu ziren.
Negozioen eskualdatzea. Kanpaina bateratuaren helburua eskualdatze egoeran dauden eta errentagarriak diren negozio txikien itxiera saihestea da. Informazioa leku estrategikoetan eta kanpainan parte hartzen duten erakundeen bulegoetan zabaltzea aurreikusi da.
Urola Benefit. Proposamenak langileek lanorduetan eskualdeko zerbitzuak erabiltzea sustatu nahi du. Aurkezpenean auto-tailerrak, fisioterapia edo nutrizio saioak, eta harategi edo elikadura eskaerak aipatu ziren. Ekimenaren helburua eskualdetik kanpoko talentua bertan mantentzea da. Saiakera berezi bat egitea eskatu da gai honen inguruan.
Ekintzaileentzako laguntza. KLINK Bide programak estrategia eta finantzaketa, oinarrizko adimen artifiziala, marka-posizionamendua, bezeroarentzako arreta eta presentzia digitala lantzeko saioak landuko ditu datorren seihilekoan. KLINK Gune, berriz, ekintzaileen kezkak partekatzeko kafe-tertulia gisa planteatzen da eta aurtengo bigarrena Azaroaren 18an ospatuko da.
Enplegu plana eta 2027ko lan-ildoak. Urola Erdiko diagnostiko sozioekonomikoa urtea amaitu aurretik esku artean izatea aurreikusten da eta 2027ra begira, bertan jasotakoak kontuan izango dira, 2027ko lan ildoak definitzerakoan.