Esperientziak partekatu eta erronkez hausnartzeko lan bilera egin du “Hezkuntza Guneak”

2020-06-23

Iraurgi Berritzenen eragile sarearen baitan, Hezkuntza Guneak -DBH eta BHI mailan eskualdeko ikastetxeek osatzen duten lankidetza gunea- Ekainak 19 ostiralean bilera telematikoa egin zuen.

Lan bilera, batez ere, azken asteetan ikastetxe ezberdinek bizi izan duten egoera partekatu eta aurrera begira izango dituzten erronkez hausnartzeko erabili zen. Besteak beste, azken asteetan garrantzizkoak izan diren digitalizazioa, barne antolaketa prozedurak nahiz ikasleekin erabili diren komunikazio kanalak izan ziren hizpide.

Era berean, lan bilera, ikasturtean zehar landu diren proiektu eta ekintzen jarraipena egiteko baliatu zen. Ikasturte hasieran, ikastetxeen mahaiak 4 lankidetza proiektu garatzea lehenetsi zuen: “Elkarrekin Eraikitzen”, “ZTIM Urola Erdian”, “Gerolan” eta “Izan Ekintzaile!”. Proiektu hauek ikastetxeek amankomunean dituzten beharrei erantzuna ematea dute jomuga eta ikastetxe ezberdinetako irakasleek azken ikasturteetan lankidetzan landuak izan dira.

Dena den, 2019/20 ikasturtea ezohikoa izan da Covid-19 osasun krisia tarteko. Ikasturtearen hasieran planifikatu ziren hainbat ekintza bertan behera gelditu dira, Urola Erdiko Zientzia eta Teknologia Azoka esaterako. Beste zenbait ekintza berriz, tresna digitalen bitartez garatu behar izan dira salbuespen egoera tarteko.

Datorren ikasturteari dagokionean, Irailean ikastetxe ezberdinetako zuzendaritzarekin nahiz proiektu talde ezberdinekin bildu eta ikasturte berria planifikatzea aurreikusten da. Honetarako, egoera aztertu, lan lerroak lehenetsi eta beharrezko egokitzapenak adostuko dira ikastetxe ezberdinen artean.

Eskualdeko Ikastetxe eta eragile ezberdinen artean harremanak sendotzea lehentasun

2019/20 ikasturtean zehar ahalegin berezia egin da eskualdeko ikastetxe eta eragile sozioekonomikoen artean harremanak estutu eta lankidetza aukera berriak identifikatzen.

Izan ere, azken ikasturteetan, hainbat dira ikastetxeek garatzen dituzten lankidetza proiektuetan parte hartzen duten eragileak eta aurrera begira lehentasunezkotzat jotzen da harreman hauek sendotzen jarraitzea. Besteak beste, lan lerro ezberdinen garapenean parte hartu duten eragile sozioekonomikoen artean, eskualdeko industria enpresak, osasun etxeak, merkataritza elkarteak, Urkome -Urola Kostako Landa Garapen Elkartea, hainbat ekintzaile nahiz udaletako gizarte zerbitzu sailak azpimarratu daitezke.

iraiurgi berritzen, elkarlan saio baten irudia