Iraurgi Berritzen garapen agentziak, Urola Turismoren, Euskadi Basque Countryren eta Explore San Sebastian Regionen laguntzarekin Urola bailarako zazpi herrietako turismo eskaintza orokorra biltzen duen eskuorria aurkeztu zuen atzo Zestoako bainuetxean.
Urola Erdia, Zumaia eta Donostia arteko kostalde guztia hiru dimentsioko mapa batean irudikatzen du produktu berri eta erakargarri honek. Airetik ateratako irudi bat da, eskuz margotua. 2002an 7 herrietako udalekin sinatutako akordio batetik dator eta orduko perspektiba erakutsi nahi izan dute maparekin.
Iraurgi Berritzeneko turismo teknikaria den Jesus Mujikaren esanetan, mapan Urola Erdiko txokoak ikusteaz gain Donostia eta Gipuzkoako Kosta ere biltzen ditu Frantziara heldu arte. Banaketa administratiboez gain, bisitarien azalean jarri eta bailarako bi puntu nagusiak batzen dituen turismo mapa irudikatu nahi izan dutela ere gaineratu du.
Urola Bailarako eta kostako turismo bulegoetan eta azoketan jarriko dute eskuragarri mapa. Horrez gain, Explore San Sebastian Region turismo markak Donostiako Bulebarrean duen bulegoan ere jarriko ditu eskuorriak turisten eskura.
Hemen maparen A aldea eta B aldea ikusgai.
(Argazkia: Uztarria)