Eskualdeko ikastetxeetan lan orientaziora bideratutako lan saioak egin dira

2019-06-08

Iraurgi Berritzenen hezkuntza eta enplegu arloko teknikariak, eskualdeko ikastetxeetan izan dira lan orientazioaren berri ematen.

Lan saioak, Erdi Mailako Lanbide Heziketa ikasketak burutzeko interesa duten ikasleei zuzendu dira. Oro har, lan saioen hartzaileak DBH 4.mailako ikasleak izan dira. Guztira, ikasturte amaieran eskualdeko 5 ikastetxetan 6 lan saio eskaini dira.

Lan saio hauen xedea, ikastetxeek abian dituzten orientazio akademikorako programak indartzea izan da eta hiru izan dira hauen helburuak. Lehenik eta behin, ikasleei lan orientazioaz eta etorkizuneko lan aukera ezberdinen inguruan hausnartzearen garrantziaz sentsibilizatzea lortu nahi da. Bigarrenez, egun eskualdeko lan merkatuaren egoera nahiz honek eskaintzen dituen aukera ezberdinak aurkezten dira. Bestalde, Iraurgi Berritzenek eskualdeko enplegu eta orientazio beharrei erantzuna emateko abian dituen zerbitzuen berri ematea lortu nahi izan da.

Ekimenak, Iraurgi Berritzenen eragile sarean kokatzen den orientatzaileen lan taldean du oinarria eta enplegu teknikarien aurkezpenez gain beste bi lan lerro aurreikusten dira. Batetik, eskualdeko errealitate sozioekonomikoaren berri emateko orientazio mapa sortu da. Bestetik, berriz, orientazio beharren araberako bisitak antolatu nahi dira eskualdeko eragileengana.

Amaitzeko, 2019/20 ikasturtera begira, Iraurgi Berritzenek ikastetxeetan eskainitako lan saioak batxiler mailako ikasleetara hedatzea aurreikusten da. Era berean, ikasleek izan ditzaketen orientazio beharrei erantzuna eman asmoz, ikastetxe eta eskualdeko eragile ezberdinen arteko harremanak estutzeko ahaleginak egingo dira ikasturtean zehar.

iraiurgi berritzen, elkarlan saio baten irudia