Ikasleak, beren ekimenez eskualdeko errealitate sozioekonomikoa ezagutzen

2019-06-21

Proiektuak Iraurgi Berritzenek dinamizatzen duen eragileen lankidetza sarean du jatorria eta eskualdeko ikastetxeez gain hainbat eragilek hartu du bertan parte.

Aurten seigarren ikasturtez jarraian landu da Elkarrekin Eraikitzen proiektua eta 2018-19 ikasturteari amaiera emateko ekitaldia ospatu zen Ekainak 19 asteazkenean Azpeitiko Basazabal jauregian.

Elkarrekin Eraikitzen proiektuak ikaslea proiektuaren garapenean nahiz honek dakarren ikasketa prozesuan protagonista egiteaz gain hiru helburu nagusi ditu. Batetik, ikasleen artean ekintzailetzari lotutako balioak eta gaitasunak sustatzea du helburu; besteak beste, iniziatiba edo komunikazio gaitasuna. Lehen helburu hori bete ahal izateko, proiektuak irakasleei metodologia berritzaileekin esperimentatzeko aukera eskaini die. Proiektuaren 3. eta azken helburua, berriz, ikasleek eskualdeko egoera sozioekonomikoaren berri izatea da, etorkizunean lan munduan sartu aurretik dagozkien erabakiak ahalik eta informazio gehienarekin har ditzaten.

Prozesuan zehar DBH 3 edo 4 mailako ikasleek hartu dute parte eta hauek talde txikitan bilduta, Iraurgi Berritzenek proposatutako 9 erronka erreal hausnartu eta landu dituzte.

Aurtengo edizioan ere eskualdeko 5 ikastetxek (Azkoitia BHI, Floreaga Salestar Ikastetxeak, Iraurgi Ikastetxeak, Ikasberri Azpeitiko Ikastolak eta Urola Ikastolak) hartu dute parte, bailarako beste hainbat eragilerekin batera (Enpresak, merkatariak, osasun arloko eragileak, lehen sektorea…)

Jardunaldia, bi atal nagusitan antolatu zen. Lehenik eta behin, ikasleek ikasturtean zehar landu dituzten erronkak aurkezteko aukera izan zuten (Prozesuaren nondik norakoak, Enpresetan salmenta prozesuak, enpresa berri baten sorrera, osasun arloa, lan munduratzea…). Aurkezpenean, prozesuan zehar ikasitakoak eta euren bizipenak elkarbanatu zituzten bertaratuatakoekin. Bigarren zatian berriz, ikastetxe ezberdinetako ikasleek lagunduta mahaingurua egin zen. Bertan aipatu ziren ideien artean:

“Proiektuak, eskualdeko eragile sozioekonomiko ezberdinen egunerokotasuna ezagutzen lagundu du. Inguruan dugun errealitatearekin harremana izatea posibilitatu du proiektuak”

“Eragileekin harremanak egitea oso positiboa izan da. Egin ditugun bisitetan, asko ikasteaz gain, eragileek esku zabalik hartu gintuzten”

“Lan egiteko modua berritzailea izan da guretzat, autonomia handia izan dugu, nahiz eta hasieran proiektuan martxa hartzea pixkat kostatu zitzaigun”

“Proiektuan zehar autonomía handia izan dugu eta lan taldeetan lan egiteko aukera eskaini digu”

“Landu ditugun erronkez haratago, komunikazio gaitasunak asko landu ditugu. Telefonoz deitu, elkarrizketak prestatu eta hitzorduak ixtea esperientzia polita izan da”

“Ohituak ez gauden espazio baten mugitzea ekarri digu proiektuak”

Oro har, 2018/19 ikasturteko edizioa oso positibo baloratu da eta izan dituen partehartze datuak ere arrakastatsutzat jo daitezke. Proiektuan zehar, 5 ikastetxe,12 irakasle eta 200 ikaslek baino gehiagok hartu dute parte. Horiez gain, prozesuan zehar ikasleek egin dituzten elkarrizketa eta azterketa lanetan 40 eragiletik gora hartu dute parte. Amaitzeko, datorren ikasturtean zehar, Ikastetxe eta eskualdeko eragileen arteko harremanak estutzen jarraitzeko ahalegina indartzea aurreikusten da.

 {myFlickr}photoset_id=72157709228366976{/myFlickr} 

 

iraiurgi berritzen, elkarlan saio baten irudia