Martxoaren 10ean eta 17an, Gerolan proiektuaren baitan, bi lan saio ospatu dira Lanbide Heziketara (LH) joatea aurreikusten duten Urola BHI-ko ikasleekin.
Proiektu honek, Iraurgi Berritzenek dinamizatzen duen eragileen lankidetza sarean du jatorria eta eskualdeko 5 ikastetxeetako orientatzaileekin elkarlanean garatzen da. Helburua, ikastetxeen orientazio akademikoa indartzea da, eta, horretarako, 3 lan lerro zehaztu dira: Ikastetxeetan sentsibilizaziora bideratutako lan saioak, eskualdeko errealitate sozioekonomikoaren berri emateko sortutako orientazio mapa, eta orientazio beharren araberako bisitak edo hartuemanak eskualdeko eragileekin.
Lan saio hauetan, LHko ikasketak egingo dituzten DBH4ko 15 ikaslek hartu dute parte. Norbere erabakiak hartzeko orduan hausnartzeak duen garrantziaz sentsibilizatzeaz gain, eskualdeko errealitate sozioekonomikoaren berri eman zaie, baita eremu desberdinetan ikasleen izan ditzaketen zalantzak argitu ere.
Lan saioetan parte hartu duten ikasleek balorazio oso positiboa egin dute.