Gaur, Azaroak 26, Lanbide Heziketaren inguruko jardunaldia ospatu da Azkoitiko Elkargunean. Bertan Izarraitz Lanbide Heziketak eskainiko dituen zerbitzu berriak aurkeztu dira, horien artean Izarraitz Lanbide Heziketaren Dual berriaren inguruko berrikuntzak. Honetaz gain Ezagutzaren Euskal Insitututuaren EEI-IVAC, TKGUNE zerbitzuen eta IKASLAN sarearen berri eman da, erakunde hauetako ordezkari ezberdinen eskutik.
Jardunaldi honetan balioan jarri nahi izan da baita ere Izarraitz Lanbide Heziketa eta Iraurgi Berritzen Urola Erdiko Garapen eta Berrikuntza Agentzia lotzen dituen lankidetzazko Gobernantza Eredua ere. Iraurgi Berritzenetik eskualdeko lan merkatuaren egoera, lan eredua, elkarlan guneak, Kudeaketa Kontseilua eta elkarlanean izan dituzten lorpen zein erronkak aurkeztu dira agentziaren zuzendaritzatik.
Bertan izan dira baita ere eskualdeko hainbat industria- zein zerbitzu-enpresetako ordezkariak zein Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Ikuskaritza: Press-Lan Makina Erreminta, Lan Mobel, Marea Urdina, Juaristi, Ameztoi Anaiak, Talleres Patri, Mecanizados Tracer, Elkarmedia, Iriarte Manutención, Talleres Arimar, Mendiaraiz, Erlo Group eta Gautena.