Azkoitia BHIko bigarren batxilergoko ikasleak euren etorkizunaren hausnartze-prozesuan protagonista

2022-02-01

Urtarrilaren 19an eta otsailaren 2an, Gerolan proiektuaren baitan, bi lan saio ospatu dira Azkoitia BHIn. Saio hauetan, guztira, bigarren batxilergoko 80 ikasle baino gehiagok hartu dute parte.

Lehendabiziko saioan, “Eta orain, non eta nola emango diet jarraipena nire ikasketei?”, “Non ikusten naiz bost urte barru?” galderak abiapuntutzat hartuta, ikaslea, bere etorkizun profesionalari zein pertsonalari buruz hausnartzearen garrantziaz sentsibilizatu nahi izan da, hori lortzeko hainbat baliabide eta dinamika erabiliz. Bigarrengo saioan, berriz, ikasleen hausnarketa-prozesuari jarraipena eman eta sortu zaizkien galdera zehatzei erantzun zaie, baita eskualdeko errealitate sozioekonomikoaren berri eman ere.

Gerolan proiektuak ikastetxeetako orientazio-plana indartzea du xede eta eskualdeko bost ikastetxeetako orientatzaileekin elkarlanean garatzen da.

Lankidetza proiektuaren baitan hiru lan ildo lehenesten dira; eskualdeko errealitatea ikustarazteko sortutako orientazio mapa, beharren eta interesen araberako bisita zehatzak eskualdeko eragileekin, eta Iraurgi Berritzenek dinamizatutako saioak ikastetxeetan, hain zuzen ere.

iraiurgi berritzen, elkarlan saio baten irudia