DBH4n dauden eta Lanbide Heziketan interesa duten eskualdeko ikasleekin hausnarketa dinamikak

2022-04-27

Apirilean, Gerolan proiektuaren baitan, hausnarketa saioak ospatu dira Iraurgin, Ikasberrin zein Azkoitia BHIn, DBH4n dauden eta Lanbide Heziketan interesa duten ikasleekin.

Saio hauen bidez, batetik, ikasleak euren etorkizun profesionalaz zein pertsonalaz hausnartzearen garrantziaz sentsibilizatu nahi izan dira, eta, bestetik, eskualdeko errealitate sozioekonomikoaren berri eman zein ikasleen galdera zehatzei erantzun zaie.

Behin ikastetxe guztietan hausnarketa saioak eginda, ikasturtea amaitu bitartean hainbat dinamika gauzatuko dira Lanbide Heziketak eskualdean duen eskaintza ezagutzeko zein eragile sozioekonomikoen errealitatearen berri izateko.

Proiektu honek Iraurgi Berritzenek dinamizatzen duen eragileen lankidetza sarean du jatorria eta eskualdeko bost ikastetxeetako orientatzaileekin elkarlanean garatzen da. Ekimenaren helburu nagusia ikastetxeetako orientazio plana indartzea da, eta, horretarako, hainbat lan ildo lehenesten dira; hala nola, ikastetxeetan sentsibilizazio saioak, errealitate sozioekonomikoa ezagutarazteko sortutako orientazio mapa, eta beharren zein interesen araberako bisitak eta hartuemanak eskualdeko eragileekin.

iraiurgi berritzen, elkarlan saio baten irudia