Eraldaketa digital eta jasangarria Gipuzkoako ETE-en berrikuntza nola bultzatzen ari den partekatu, ikasi eta gogoeta egiteko, Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatu duen Re-Think Industry jardunaldian parte hartu du Iraurgi Berritzenek

2023-02-21

‘Re-think Industry’ II. jardunaldian, enpresen eta eragile ekonomikoen 450 ordezkari inguru elkartu dira Kursaalen.

Kursaal biltzar jauregian Foru Aldundiak antolatutako ‘Re-Think Industry’ jardunaldiaren bigarren edizioa egin da gaur, Etorkizuna Eraikiz lankidetza gobernantzaren dinamikaren barruan, Gipuzkoako ETEek eraldaketa digitalaren eta jasangarriaren arloan dituzten lorpenak eta erronkak partekatzeko, eta enpresa horiei lehiakortasuna indartzen laguntzeko. Jardunaldiak arrakasta handia izan du parte hartzeari dagokionez; izan ere, lurraldeko enpresen, eragile ekonomikoen, sektoreko elkarteen eta I+G zentroen 450 ordezkari inguru elkartu dira Kursaalen esperientziak trukatzeko eta trantsizio digitalari eta ekologikoari lotutako erronkei arrakastaz aurre egin dieten Gipuzkoako enpresen kasuak ezagutzeko. Horien artean izan dira Urola Erdiko Domusa Teknik eta Bernardo Ecenarro SA enpresetako ordezkariak beren esperientziak azalduz.

Ekitaldiaren inaugurazio instituzionalean Markel Olano diputatu nagusiak, Eneko Goia Donostiako alkateak eta Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak hartu dute parte.

Lau lan mahai

Re-think industry ‘delakoaren helburua izan da eraldaketa digitalaren eta jasangarriaren irismena eta negozioetan nola eragiten duen ulertzen laguntzea; identifikatzea gure ekosisteman zein eragile giltzarrik ematen duten laguntza prozesu horiek gauzatzeko; lurraldeko enpresa aurreratuen esperientzia ezagutaraztea; eta gune bat eskaintzea beste konpainia batzuekin kezkak eta esperientziak partekatu ahal izateko, horrela, sareko lana sustatzeko eta lankidetza bide berriak irekitzeko. ETEak sentsibilizatu eta trebatzeko oinarri bikoitza dugula, negozioaren eraldaketa digital eta jasangarrian aurrerapausoak ematen hasi diren enpresak zein oraindik bidea urratzen hasi ez direnak kontuan hartuta, jardunaldiaren muina lau saio paralelok osatu dute, horietako bakoitza eragile batek gidatuta. Saio horietan zenbait arrakasta kasu aurkeztu dira, eta ondoren mahai inguru bat egin da.

Lehenak, “Nire prozesuak eragingarriago bihurtzen” izenekoak, AFM Cluster taldea izan du buru, eta Ekide, Gurelan eta Talleres Tellería enpresek parte hartu dute. Bigarrena, “Produktu berri adimendun eta berdeagoekin lehiatuz”, Innobasquek gidatu du eta Iruko Berri, Apel eta Domusa Teknik enpresek osatu dute taldea. Hirugarrenak, “Gure bezeroengana gerturatzen” izenekoak, Gipuzkoako Bazkundea izan du gidari eta Alfa Hogar, Reiner eta Bernardo Ecenarro SA enpresak izan dira bertan. Laugarren saioan, “Arintasuna lortzeko erakundean aldaketa zuzenduz”, antolakuntzaren eraldaketa izan da ardatza, eta, Adegiren gidaritzarekin, Casa Eceiza, Spanset eta Game SA enpresen esperientziak ezagutzera eman dira.

Jardunaldian bi inspirazio hitzaldi izan dira, bata, saioa hasteko eta bestea, bukatzeko. Aurrena, Javier Martínez Aldanondo ahokulariak eman du: «Erakunde adimentsuen mundurantz». EHUn Zuzenbidean graduatua da eta Internet Managementeko masterra egin zuen Kataluniako Institutu Teknologikoan. Txilen bizi den gipuzkoar hau Knowledge Works-eko bazkidea eta Knoco-ko zuzendaria da (Ingalaterran egoitza duen aholkularitzako nazioarteko sarea).

“Ez dago adimena baino gauza garrantzitsuagorik, gure burmuinak mekanismo hori garatzen baitu bizirik irauten dugula ziurtatzeko –azaldu du–. Enpresa bat ez bada behar bezain adimenduna, desagertu egingo da. Adimena da gizakion ezaugarri nagusia, eta erabaki onak hartzeko gaitasunak definitzen du. Pertsona edo erakunde batek erabaki onak har ditzan, ezinbesteko bi elementu behar ditu: ezagutza eta ikaskuntza. Munduko herrialde garatuenek ezagutza sortzen dute, eta ez lehengaiak. Aprobetxatzen badakigu, albiste ona da, Gipuzkoak ezin duelako lehiatu tamainaren, indarraren edo baliabide naturalen arabera. Gure herritar eta erakunde guztien adimen maila areagotzeari lehentasuna ematen badiogu eta eraldaketa digitalaren palanka baliatzen badugu, aukera asko ditugu gure helburua lortzeko, alegia, jasangarritasuna hobetzeko”.

Amaierako hitzaldia, «Fabrikazio sektorearen eraldaketa digitala: berrikuntza eta talentua, inpaktu handiko faktore gisa» Nerea Aranguren Danobat Group taldeko Berrikuntza zuzendari eta Ideko enpresako zuzendari kudeatzaileak eman du. “Industriaren eraldaketa digitala prozesu itzulezina da, eta dagoeneko abian dago. Faktore askok sustatu dezakete eraldaketa, baina agian bi nabarmentzen dira besteen artean: berrikuntza teknologikoak eta inplikatutako pertsonak”, adierazi du. Ponentzian zehar, industria enpresa txiki eta ertainei eraldaketa horretara arrakastaz hurbiltzen lagun diezaieketen bi faktore horiei buruzko gako batzuk berrikusi ditu.

iraiurgi berritzen, elkarlan saio baten irudia