Gipuzkoako Gizarteratze eta Laneratze Sarea Azkoitian bildu da lurralde-lankidetzako hitzarmen berri bat bultzatzeko

2024-06-27
Enplegua

ElkarEkin Lanean” Sarea osatzen duten eskualde guztiak Iraurgi Berritzenen egoitzan bildu dira datozen urteetarako enplegu inklusiboaren eremuan zehaztuko den lurralde-lankidetzako hitzarmenaren baitan. 

Eskualde Garapenerako Agentzien eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren ordezkariak ElkarEkin Lanean Estrategiaren barruan bildu dira, egungo hitzarmenaren jarduna berrikusteko eta datozen urteetarako lankidetza-hitzarmen berriaren irizpideak zehazteko.

Elkar-EKIN Lanean, Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatzen duen estrategia da, eragile anitzeko eta maila anitzeko ikuspegitik, eta Gipuzkoako enpleguaren ekosistema osatzen duten eragile guztiak inplikatuz garatzen da, erakundeen, gizarte eragileen eta hirugarren sektorearen lankidetzaren eta kogenerazioaren bidez.

Helburua Gipuzkoa lurralde inklusibo bihurtzea da, Garapen Ekonomiko eta Sozialerako Eredu Aurreratuaren alde egiten duena. Eredu horren enpresak lehiakorrak dira, eta pertsona guztien kalitatezko enplegua eta enplegu inklusiboa bultzatzen dute, bereziki kontuan hartuta bazterketa-egoeran eta/edo -arriskuan dauden pertsonak, enplegagarritasun-maila ertain-txikia dutenak eta lan-prekarietatean daudenak. Eta, horretarako, ezinbestekoa da orientazio bikoitzarekin lan egitea: bata, enpresei zuzendua; eta, bestea, pertsonei zuzendua. Baina ahaztu gabe, funtsezko beste bi ardatz: lurraldea eta eskualdeak, eta jarduera-sektoreak.

Atzo egin zen bileran, estrategia hori ezartzeari esker lurralde mailan lortzen ari diren emaitzen garrantzia azpimarratu zen, bai eta lankidetza esparru horretan jarraitzeko beharra ere, datozen urteetarako lankidetza hitzarmen berri bat diseinatuz, parte hartzen duten eragileen proposamen eta hobekuntza berriak txertatuz, eskualdeen errealitatera egokituta.

Ildo horretan, Urola Erdia eskualdean, azken bi urteetan, oso emaitza positiboak lortzen ari dira esparru horretan gauzatutako UrolanEkin proiektuari esker. Izan ere, zeharkako gaitasunen eta gaitasun teknikoen 14 gizarte- eta lan-prestakuntza ibilbide berri jarri dira abian, eta, enpresekiko bitartekotza-ekintzekin batera, aukera eman du bazterketa-arriskuan dauden 60 pertsona inguru Urola Erdian kalitatezko enpleguetan laneratzeko.

 

iraiurgi berritzen, elkarlan saio baten irudia