Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak UK05 (Zestoa>Ermua)) eta UK06 (Zumaia>Zumarraga) autobus lineen zerbitzua zabalduko du 2025eko ikasturte hasierarekin batera, Azkoitiko Izarraitz Lanbide Heziketa zentrora goizeko lehen orduan iristeko aukera emateko. Hala iragarri zuen Azahara Domínguez diputatuak herenegun egin zen prentsaurrekoan. Diputatuarekin batera, bertan izan ziren Ana Azkoitia alkatea eta Iraurgi Berritzeneko lehendakaria, Begoña Beobide Iraurgi Berritzeneko zuzendaria eta Miren Otero, Izarraitz Lanbide Heziketako zuzendaria. Eskaera Udalak, ikasketa-zentroak eta Iraurgi Berritzenek elkarlanean egin zuten.
Zehazki:
- UK05 lineak espedizio berri bat izango du astelehenetik ostiralera, 07:00etan Ermutik abiatuko dena eta 07:38an Azkoitian (Munibe) iritsiko dena. Zerbitzu hau ez da ez Azpeitian ez Zestoan geldituko
- UK06 lineak beste espedizio berri bat eskainiko du, 07:10ean Zumaiatik abiatuta, 07:50ean Altzibarren (Azkoitia) amaituko dena.
Zerbitzu berri horiek erabiltzaile askoren premiei erantzuten diete, batez ere hezkuntza-esparruan, garraio publikoaren bidez hezkuntzara iristeko aukera bermatzeko.
Azahara Domínguez diputatuak, zerbitzuaren aurkezpenean, azpimarratu zuen “aukera-berdintasuna eta hezkuntza eskubidea bermatzeko ezinbestekoa dela garraio publikoa premia errealetara egokitzea”. Era berean, eskerrak eman zizkien Azkoitiko Udalari eta Izarraitz LHIIri lankidetzagatik.
Ana Azkoitia alkateak nabarmendu zuen zerbitzuaren egokitzapena “ikasleen eta langileen beharretara egokitzeko eskaria” izan dela, eta Foru Aldundiaren prestutasuna eskertu zuen.
