Urola Erdiko bost ikastetxeek beste urrats bat eman dute Adimen Artifizial Sortzailearen erronkari elkarrekin heltzeko. Urriaren 22an, Ikasberri, Iraurgi, Izarraizpe, Floreaga eta Azkoitia BHI ikastetxeetako zuzendaritzak eta Adimen Artifizialaren ezarpenaren arduradunak elkartu dira, Iraurgi Berritzenen koordinaziopean, ikasturte honetan martxan jarriko den lan-prozesua partekatu, adostu eta abian jartzeko. Guztiek bat egin dute elkarlanean aurrera egitearen aldeko apustuan.
Erronka partekatua, ikaskuntza kolektiboa. Hauxe da ekimenaren indargune nagusia, konfiantzazko espazio bat izatea, esperientziak eta jardunbide egokiak partekatzeko, adituen laguntzarekin hausnartzeko eta elkarrengandik ikasteko.
Ikastetxe bakoitzak bere errealitatea du, baina erronka asko partekatzen dituzte. Eta horrek aukera paregabea eskaintzen du elkarrekin ikasi eta ikuspegi berriak lantzeko.
Hausnarketatik ekintzara igarotzea izango da hurrengo pausoa. Diagnostiko partekatu batetik abiatuta, ikastetxe bakoitzak bere beharrak eta lehentasunak identifikatu eta ibilbide-orri propio, sinple eta gauzagarri bat landuko du.
Helburua bakoitzak bere errealitatera egokitutako urrats txiki baina sendoak ematen joatea ahalbideratzea da.
Elkarrekin ikasi, bakoitzak dagokion errealitatearen markoan aurrera egiteko, eta denen esperientziak partekatuz, talde osoa aberasten jarraitzeko.





