Joan den Uztailak 2an ospatu zen Pertsonen Arduradunen Taldearen topaketa, helburu argi batekin: pertsonen kudeaketa ikuspegi estrategikotik lantzea, hausnarketa eta esperientzien elkartrukearen bidez.
Ekitaldi hau Iraurgi Berritzenek enpresekin eraldaketa sozialaren eremuan garatzen duen lan ildoan kokatzen da. Zehazki, UE 22-27 eskualdeko plan estrategikoaren baitan, talentuaren kudeaketa lan lerroan garatu da, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin.
Urola Erdiko hainbat enpresa industrialetako ordezkariek hartu zuten parte topaketan. Hasierako zatian, ekitaldiaren testuingurua eta helburuak aurkeztu ziren. Ondoren Ainhoa Zatarain-en (OPE Aholkularitza) eskutik Pertsonen Kudeaketaren ikuspegi estrategikoa” izeneko saioa garatu zen. Bertan, enpresetan pertsonen kudeaketaren garrantziaz eta erronkez aritu ginen.
Saioa dinamika parte-hartzaileetan oinarritu zen: hausnarketarako galderen bidez parte-hartzaileek beren esperientziak eta ikuspegiak partekatzeko aukera izan zuten. Taldearen ibilbidea eta helburuak ere berrikusi ziren, etorkizuneko erronkak eta aukerak identifikatuz.
Jardunaldiaren amaieran, ondorio nagusiak eta klabe estrategikoak bildu ziren, eta baita hurrengo pausoak zehaztu ere, taldearen jarduna sendotzeko eta pertsonen kudeaketa erdigunean jartzen jarraitzeko.
Eskerrik beroenak parte hartu zenuten guztioi: zuen ekarpenek topaketa aberastu zuten eta etorkizunerako bide sendoa marrazten lagundu digute.

