Urola Erdiko industriak bere ekarpena egin du Re-Think Industry Kongresuan

2025-11-13
Enpresa
Donostiako Kursaalen egin den Re-Think Industry kongresuaren laugarren edizioak 650 profesional baino gehiago bildu ditu, Gipuzkoako enpresa txiki eta ertainen arteko elkarlan eta berrikuntzarako foro nagusi bihurtuz.  

Jardunaldiak adimen artifiziala, nazioartekotzea, barne-ekintzailetza eta partaidetzazko kudeaketa-ereduak izan ditu ardatz, enpresen lehiakortasuna eta etorkizuneko erronkak aztertuz. 

Iraurgi Berritzeneko Industria Arloak ere parte hartu du topaketan, eta Urola Erdiko hiru enpresek —IBARMIA, VI4CRANE eta IRURENA GROUP beren esperientzia eta ezagutza partekatu dituzte mahai-inguru ezberdinetan: 

  • IBARMIA eta VI4CRANE Adimen Artifizialari buruzko saioan aritu dira, teknologia honek prozesu industrialak optimizatzeko eta balio berriak sortzeko eskaintzen dituen aukerak aztertuz. 
  • IRURENA GROUP barne-ekintzailetzari eta berrikuntza kulturari buruzko mahai-inguruan izan da, enpresen barruko ekimen berritzaileen garrantzia azpimarratuz. 

Kongresuak agerian utzi du Gipuzkoako industria berrikuntzan, lankidetzan eta pertsonen garapenean oinarritzen dela. Jardunaldian, Eider Mendoza diputatu nagusiak enpresa txiki eta ertainak “berrikuntzaren trenera igotzera” gonbidatu ditu, gure lurraldearen lehiakortasuna eta ongizatea bermatzeko. 

Iraurgi Berritzenetik, eskualdeko enpresen parte-hartzea baloratu nahi dugu, eta aldi berean, Urola Erdiko industriaren gaitasuna azpimarratu: etengabeko berrikuntza eta elkarlanaren bidez etorkizun lehiakor eta jasangarri bat eraikitzeko konpromisoa berresten dute. 

iraiurgi berritzen, elkarlan saio baten irudia