Urriaren 19tik 25era, Azkoitiko eta Azpeitiko saltokietan erosketak egiten dituzten bezeroek opari jasangarriak eskuratzeko aukera izango dute. Horretarako, tonbola sistema erabiliko da: erosketekin batera boletoak banatuko dituzte dendetan, eta horien bidez jakingo dute bezeroek saririk egokitu zaien.
Sarien artean, egunerokoan berrerabil daitezkeen bi produktu egongo dira: kafea eramateko termoa eta bokata edo bestelako janaria eramateko zorroa. Opari horien bidez, kanpainak kontsumo ohitura jasangarriagoak sustatu nahi ditu, erabili eta botatzeko produktuen ordez behin eta berriz erabil daitezkeen aukerak ezagutaraziz.
Kanpainaren helburua tokiko merkataritza jasangarria bultzatzea da. Herriko saltokietan erosteak gertuko ekonomiari laguntzen dio, eta kaleei bizia ematen dieten negozioei eusten laguntzen du. Aurtengo ekimenak, gainera, jasangarritasuna jarri nahi du erdigunean, erosketak egiteko moduaz eta eguneroko ohiturez hausnartzera gonbidatuz.
Herrixen Azkoitiko merkatari elkarteak, Bertan Azpeitiko merkatari elkarteak eta Iraurgi Berritzen garapen agentziak elkarlanean sustatuko dute kanpaina. Ekimen honen bidez, bi herrietako saltokietara hurbiltzera animatu nahi dituzte herritarrak, tokiko merkataritzaren aldeko apustua eta ohitura jasangarriagoak uztartuz.