Azkoitia BHI, Ikasberri, Izarraizpe BHI eta Iraurgi Ikastetxeko zuzendaritza taldeek IKASEKIN Estrategia prozesuaren lehen saio kolektiboa partekatu dute. Ez da ohikoa lau ikastetxeetako zuzendaritzak mahai berean ikustea, bakoitzaren erronkak partekatzen eta elkarrengandik ikasten.
Goizeko helburua argia izan da: ikastetxe bakoitzak aurretik identifikatutako erronka hartu eta ikasturtean zehar lantzeko proiektu eta plan zehatz batera eramatea.
Lau ikastetxe, bakoitza bere errealitatetik
Aurreko asteetan egindako banakako kontrasteetatik abiatuta, zuzendaritza talde bakoitzak bere proiektua landu du Nerea Urkola adituaren laguntzarekin.
Fokuak ere ikastetxe bakoitzaren errealitatetik datoz: ongizatea, lidergo partekatua, ikastetxearen izaera eta balioen despliegea, besteak beste.
Talde bakoitzak bere proiektuaren helburua fintzeko eta ikasturtean zehar eman beharreko pausoak zehazteko aukera izan du: zer lortu nahi duten, zertan jarriko duten fokua eta nola eramango duten lanketa praktikara.
Esperientziak partekatzea ere prozesuaren parte
Banakako lanketaz gain, saioak beste ikastetxeen erronkak eta planteamenduak ezagutzeko aukera eman du. Antzeko ardura duten zuzendaritza taldeek beren errealitateak mahai berean partekatzeak kontrasterako eta ikaskuntzarako espazio interesgarria sortu du.
Hemendik aurrera, ikastetxe bakoitzak bere plana garatzen jarraituko du, banakako aholkularitza-saioarekin. Amaierako saio kolektiboan berriro elkartuko dira, egindakoa, izandako zailtasunak eta prozesutik ateratako ikaskuntzak partekatzeko.
IKASEKIN Estrategiaren helburua zuzendaritza taldeek beren ikastetxeko benetako erronka estrategiko bat hartu, proiektu aplikagarri bihurtu eta praktikan garatzeko bidea egitea da.







