Enpresa Partaidetza Urola Erdian Sustatzen. Eskualdeko Eragileei zuzenduriko Mintegia.

2015-03-30

Pasa den Martxoak 26an Iraurgi Berritzenek antolatu zuen Enpresa Partaidetza Urola Erdian Sustatzen gaiaren inguruan, eskualdeko eragile sozio ekonomikoei zuzenduriko mintegia.

Azpeitiko Sindikatu Zaharrean bildu ziren eskualdeko hainbat eragileen ordezkariak, sektore eta tamaina desberdinetako enpresari, sindikatu eta erakunde ordezkariak. Mintegiaren helburu nagusia, euskal enpresa partaidetzaren inguruko adibideak zuzenean ezagutzea, eta eskualdean eredu partehartzaileen garapenarako ikasketa eta gomendio praktikoak partekatzea izan zen.

Mintegian hainbat aditu eta enpresa esperientzia partekatzeko aukera izan zen:

  • Enpresa partekatutik enpresa lehiakor iraunkorrera (Sabin Azua. B+I Strategyko Bazkide-Zuzendaria)
  • Eredu partehartzaileen eragileak eta lege-alternatiba zein alternatiba fiskalak (Luis Unceta-Barrenechea. BSK Legal & Fiscaleko Bazkide-Zuzendaria)
  • Euskal enpresa partehartzaileen ereduen aurkezpenak : Lorenzo Mendieta. Alcorta Forging Groupeko Zuzendari Orokorra; Jon Agirre. AMPOko Lehendakaria; Koldo Arandia. Ibarmia Groupeko Zuzendari Orokorra

Ondoren partehartzaile guztien artean mahai ingurua izan zen, enpresetan eredu partekatuak garatzeko beharreko gomendioak, zailtasunak, baldintzak aztertu eta eztabaidatu zirelarik. Azpimarratzekoak izan ziren besteak beste: informazioaren gardentasuna eta partekatzearen beharra, pertsonen ardura eta gaitasunak; eredu partehartzaileen helburuak argi izatea; eta eredu hauen garapenak suposatzen duen ikasketa prozesua eta bidea inplikaturiko eragile guztientzat. Iraurgi Berritzenen aldetik prozesu honi jarraipena emateko konpromisoa azaldu zuen proiektu honen baitan antolatuko diren hurrengo mahai inguruekin.

Iraurgi Berritzenek Urola Erdiko eskualdeko sustapen sozioekonomiko eta berrikuntzako agente bezala, koordinatzen duen ekimen hau Gipuzkoako Foru Aldundiaren Berrikuntza, Landa Garapen eta Turismoko Departamentuaren “Gizarte mailan erantzulea den lurraldea sustatzeko programaren” baitan finantziatuta dago, B+i Strategy aholkularitzaren laguntzarekin.

iraiurgi berritzen, elkarlan saio baten irudia