Hainbat euskal erakundek lankidetzan, “emakumeak zientzian 2020” ekimena aurkeztu da.

2020-02-07

CIC nanoGUNE ikerketa-zentroa, Materialen Fisika Zentroa (CFM CSIC-UPV/EHU), CIC biomaGUNE, Donostia International Physics Center (DIPC), Biodonostia, Tecnun-Escuela de Ingenieros, Ceit, POLYMAT eta Elhuyar erakundeek emakumeen artean zientzia sustatzeko programa bateratu bat aurkeztu dute, otsailaren 11n mundu osoan ospatzen den “Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna”-ren harira.

Ekimenak Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Donostiako Sustapenaren, Donostia Kulturaren, Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) eta Zientzia Ikerketarako Kontseilu Nagusiaren (CSIC) laguntza du.

Ekimenaren helburua zientzian diharduten emakumeen lana ikusaraztea da. Izan ere, jarduera zientifiko-teknikoak gizonezkoen kontua direla uste da askotan eta ekimen honen bitartez, estereotipo hau apurtu eta neska nahiz nerabeak zientzia arloko ikasketak burutzera animatu nahi dira.

Programak, tailerrak, hitzaldi publikoak nahiz ekintza ezberdinak hartzen ditu beregain. Hauek, Donostian otsailaren 7 eta 14 bitartean ospatuko dira. Besteak beste, honako ekintzak nabarmentzen dira:

  • Otsailak 7, ostirala,
    • 16:00etan: “Zientzia bada nesken kontua” tailerra, CIC nanoGUNEn. 14 eta 18 urteko gazteek zientzialari eta ikerketa-taldeko kide izateko aukera izango dute egun batez. Era berean, nanozientziaren mundua lehen pertsonan ezagutu eta esperimentu erreal baten parte hartzeko aukera izango dute.
    • 19:00etan, Victoria Eugenia Antzokiko Club Aretoan, “Zientzialariak, atzo eta gaur” ekimenean, hemengo eta gaurko sei emakume ikertzaileren eskutik hitzaldia eskainiko da. Beren lana aurkezteaz gain, iraganean aitzindari izan diren emakume zientzialariak omenduko dituzte. Publiko orori bideratutako hitzaldiak izango dira.
  • Otsailak 8, larunbata: Elhuyarren eskutik, Ibaetako Unibertsitate Campusean familientzako “Ginkana” bat egingo da. Ibaetako campusean ezkutaturik izango diren proba guztiak gainditu beharko dituzte taldeek.
  • Otsailak 10, astelehena: 12 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzenduta, Tecnun eta Ceit-en egoitzetan “Ingeniari izatera jolasten”tailerra egingo da. Formula Student taldeko ingeniaritza ikasleek automobilgintzara bideratutako tailerra eskainiko dute.
  • Otsailak 13, osteguna: “Amona´s Power” jarduera ospatuko da, kultura zientifikoaren transmititzaile gisa emakume helduek duten irudia goratzeko. Ikertzaileek gidatuta, 55 urtetik gorako emakumeek aukera izango dute ikerketa-zentroetako nazioarteko ikerketaren eta bikaintasunaren mundua ezagutzeko.
  • Otsailak 14, ostirala, 12:00etan: Zientzia-komunitateari zuzendutako “Berdintasuna zientzian: esperientziak eta etorkizuna” mahai-ingurua ospatuko da. Mahai-ingurua ingelesez izango da, Carlos Santamaria Zentroan (UPV/EHU), eta komunitate zientifiko osoarentzat dago irekita.

Jarduera guztiak doakoak dira, baina ekintza batzuetan izena eman behar da. Emakumeak Zientzian 2020 programaren webgunean, programa osoa ikusteaz gain ekintzetan parte hartzeko izena eman daiteke: www.emakumeakzientzian.eus

ZIENTZIA2.png

 

 

iraiurgi berritzen, elkarlan saio baten irudia