AZKOITIA: Intsausti Jauregia, Julio Urkijo etorbidea 25 (20720) tel. 943 85 11 00 | AZPEITIA: Sindikatu Zaharra, Enparan kalea 1 - 3 (20730) Tel. 943 02 60 69  | info@iraurgiberritzen.eus

Urola Turismoak irudia eta web orria berritu ditu gaur egungo eskari turistikora egokituz

• Urola bailara, kultura, natura eta euskararen arnasgune bezala aurkezten da bisitarien aurrean.
• Loiola, Euskadiko top 10 bisiten barruan kokatua dagoena, proposamen bereizgarria da bailara mailan.

Logotipo eta web orri berritua

Irudi berritzailea emateaz gain, euskaldundu egin dira izena eta web helbidea. Urola Turismoa deitzera pasatu da URLa ere aldatuz, www.urolaturismoa.eus.

Logotipoari dagokionez, Urola bailarak eskaintzen dituen kolore eta ezaugarrietan oinarritu da: baso, zelai eta uraren koloreetan, alegia. Bertara hurbiltzen diren bisitariek aurkituko dutenaren lehen sentipena irudikatuz.

Web orrian bailarako eskaintza turistikoa bere osotasunean aurkezten da. Sartu orduko, bailarak eskaintzen dituen eskaintza turistiko ezberdinak ikusteko aukera emanez.

Horrez gain, web orria lau hizkuntzatan prestatua dago: euskara, gaztelera, frantsesa eta ingelera. Eta erakundeak dituen sare sozialetara linkatua: facebook, twitter, Instagram eta Youtube. Bertan, informazioa maiztasunez zabaltzen delarik.

Urola bailara, Euskal Herriaren bihotzean

Urola bailara osatzen duten 7 herriak, Aizarnazabal, Azkoitia, Azpeitia, Beizama, Errezil, Zestoa eta Zumaia, Euskal Herriaren bihotzean aurkitzen dira. Bilbo, Donostia eta Gasteiztik pauso batera eta Iruña eta Iparraldetik oso gertu. Leku aparta Euskal hiriburuak ezagutu nahi dutenentzat.

Euskararen arnasgune

Bailara euskalduna da Urola, biztanlegoaren gehiengoak egunerokoan euskara erabiltzen du komunikatzeko, beraz euskaraz hitz egin eta euskaraz bizitzeko aukera zabala eskaintzen du. Gure hizkuntza praktikan jarri ahal izango dute bisitariek: kontzertuak, antzerkiak, bisita gidatuak, esperientzia gastronomikoak, festak eta nola ez, bertakoekin harremantzeko aukera merkataritza eta ostalaritza establezimenduetan.

Kasu honetan, bailarako ohitura eta jaiak, kirol ekitaldiak, eta bertako azoka eta euskal merkataritzari buruzko informazio zabala aurkitzen da, baita gastronomia euskaraz sozializateko moduak ere, pintxopotea eta txotx adibidez.

Loiola, proposamen bereizgarria

Urola bailara mundu osoan ezaguna egiten duen ikurra Loiola da dudarik gabe. Besteak beste, Etxe Santua bezala ezagutzen den San Inazioren jaiotetxea eta Santutegia Euskadiko top 10 bisiten barnean aurkitzen dira.

Sail honetan, bisita gidatuen informazio orokorra, Loiolako bailaran San Inaziok izan zuen inpaktua ezagutzeko aukera, Ignaziotar Lurraldea (hiru tenpluen ibilbidearekin) eta Inaziotar Bidea topatuko ditugu.

Plan-antolatzaile berritzailea

Urola bailarara etorri nahi duten familia, bikote, taldeek... euren egonaldia errazagoa egingo dieten plan antolatzailea topatuko dute. Bailaran eskaintzen diren natura eta kultura aukera guztiak modu orientagarri eta erraz batean agertzen direlarik.

Non jan eta non lo egin

Gastronomia maite dutenek ere erraz aurkituko dute beharrezko informazio guztia. Atal honetan bilatzaile bat ipini da jatetxe mota eta herriaren arabera. Bisitariek erretegi, jatetxe edo sagardotegi batera joan nahi duten aukeratu ahal izango dute kontaktu informazio guztia bertan aurkituz.

Ostatuari dagokionez, bilatzaileak mota aukeratzen laguntzen du: apartamendu turistikoa, aterpetxea, hotela, kanping-a, landetxea, nekazalturismoa eta landetxeak.

Bukatzeko, hizkuntza ezberdinetan eskuragarri dauden gida turistikoak deskargatzeko aukera ematen da, baita turismo bulegoen kokalekua eta informazio orokorra eta bailarako ekitaldi eta jarduerak.

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea. Informazio gehiagorako Cookie politika.

Onartzen dut