Interesen araberako 60 elkarrizketa baino gehiago, eskualdeko ikasle eta arlo desberdinetako profesionalen artean Elkarrekin Eraikitzen proiektuaren markoan

2023-06-13
Elkarrekin eraikitzen

Gaur, Ekainak 13an ospatu da Elkarrekin Eraikitzen proiektuari dagokion 10. Ikasturte amaierako Ekitaldia. Proiektuan zehar, bailarako 5 ikastetxeek, 12 irakaslek, 300 ikasle inguruk eta sektore desberdinetako 60 eragile inguruk hartu dute parte (industria, Osasuna, enplegua, ekintzailetza, turismoa, lehen sektorea, gizarte zerbitzuak…).

Ekitaldia, bi atal nagusitan antolatu da. Lehenik eta behin, ikasleek ikasturtean zehar landu dituzten erronkak aurkezteko aukera izan dute (Prozesuaren nondik norakoak, Industria sektorea, osasun arloa, …). Aurkezpenean, prozesuan zehar ikasitakoak eta euren bizipenak elkarbanatu dituzte bertaratutakoekin. Bigarren zatian berriz, ikastetxe ezberdinetako ikasleek lagunduta mahaingurua egin da. Ideia eta hausnarketa politak entzun ahal izan dira bertan:

  • “Prozesuan zehar, taldean lan egiten ikasi dugu. Honetaz gain iniziatiba eta erabakiak hartzeko gaitasuna ere landu ditugu”.
  • “Benetan eskualdeko errealitate sozioekonomikoa ezagutzeko aukera ezin hobea”.
  • “Egin dugun ibilbidean zehar, askatasuna izan dugu prozesua gure erara lantzeko, eta irakasleak laguntzaile papera izan dute”.
  • “Bisitak oso interesgarriak izan dira. Oso harrena ona egin digute eragileek. Gertukoak izan dira”.
  • “Hasieran proiektua lantzen hastean, ezjakintasuna sentitu dugu, baina oso interesgarria izan da lan mundua ezagutzeko. Etorkizunerako baliagarria egingo zaigu ikasketa hau”.
  • “Hobekuntzei dagokienez, aurreko ikasturteko ikasleek, beraiek, aurrez, prozesu berdina lantzean bizitako esperientzia edo ikasitakoa elkarbanatzea gustatuko litzaiguke. Honetaz gain, enpresetako langileak beraien ikastetxeetara gerturatzea ere egokia izango litzateke”.

Oro har, 2022/23 ikasturteko edizioa oso positibo baloratu da eta datorren ikasturtera begira, Ikastetxe eta eskualdeko eragileen arteko harremanak estutzen jarraitzeko ahalegina indartzea aurreikusten da.

Elkarrekin Eraikitzen proiektuak ikaslea proiektuaren garapenean nahiz honek dakarren ikasketa prozesuan protagonista egiteaz gain hiru helburu nagusi ditu. Batetik, ikasleen artean ekintzailetzari lotutako balioak eta gaitasunak sustatzea du helburu; besteak beste, iniziatiba edo komunikazio gaitasuna. Lehen helburu hori bete ahal izateko, proiektuak irakasleei metodologia berritzaileekin esperimentatzeko aukera eskaini die. Proiektuaren 3. eta azken helburua, berriz, ikasleek eskualdeko egoera sozioekonomikoaren berri izatea da, etorkizunean lan munduan sartu aurretik dagozkien erabakiak ahalik eta informazio gehienarekin har ditzaten.

Álbum nuevo20232_06_13_Elkarrekin Eraikitzen ikasturte amaierako ekitaldia

iraiurgi berritzen, elkarlan saio baten irudia