Iraurgi Berritzenek energia berriztagarriak sustatzeko hitzarmena sinatu du Gipuzkoako Foru Aldundiarekin

2017-06-16

Debabarrena, Oarsoaldea, Tolosaldea, Urola Erdia eta Urola Garaia eskualdeek —eskualde horietako garapen-agentzien bidez (Debegesa, Oarsoaldea, Tolosaldea Garatzen, Iraurgi Berritzen eta Uggasa)— energia-plana sustatzeko lankidetza hitzarmena sinatu dute José Ignacio Asensio Ingurumen diputatuarekin. 

Eskualde horietan energia-planak sustatzeko lankidetza-hitzarmenari esker, eskualde horietako bakoitzak 50.000 euroko ekarpen ekonomikoa jasoko du. “Helburua da plan horietan oinarrituta herritarrok —erakunde publikoen laguntzarekin— hasiera ematea mendetasun eta pobrezia energetikoa ahalik eta gehien murrizteko elkarrekin egin behar dugun bide luzeari”, azaldu du Asensiok.

Atzo izan zen prentsaurrekoa eta han izan ziren Olatz Peon, Tolosako alkatea eta Tolosaldea Garatzeneko Presidentea; Javier Zubizarreta, Azkoitiko alkatea eta Urola Erdiko Iraurgi Berritzeneko Presidentea; Fernando Nebreda, Oarsoaldeako Zuzendari-gerentea; Juan Ángel Balbás, Debabarrenako Debegesa Elkarteko Zuzendari-Gerentea eta Koldobike Olabide, Legazpiko alkatea eta Uggasako Presidentea.

Aldundiak diruz lagunduko ditu eskualdeetan energia berriztagarrien erabilera sustatzea eta energia-aurrezpena eta -efizientzia sustatzea helburu duten azterketak eta planak. Zehazki, diruz lagunduko ditu: eraikin publikoetan energia-efizientzia hobetzeko azterketak eta planak; energia berriztagarrietan oinarritutako energia-produkzioko instalazioak ezartzeko azterketak eta planak; energia berriztagarriekin elikatzen diren barrutiko bero-sareak eta elektrizitate sareak ezartzeko azterketak eta planak; eta eskualdeek garatu nahi dituzten pobrezia energetikoa murrizteko (zuzentzeko eta prebenitzeko) azterketak eta planak.

 

iraiurgi berritzen, elkarlan saio baten irudia