Urola Erdiko alkateak, eragile sozioekonomikoen ordezkariak eta Iraurgi Berritzen, bide azpiegituren foru diputatuarekin bildu dira

2024-01-18
Tokiko Garapena

Eskualdearen beharrak aurkezteko aukera izan zuten atzo goizean, Gipuzkoako Foru Aldundian.

 

Bide azpiegituretako foru diputatu Maria Ubarretxenak, departamendu honetako zuzendari Mikel Uribetxeberriak, Azkoitiko alkate Ana Azkoitiak, Azpeitiko alkate Nagore Alkortak, Zestoako alkate Mikel Arregik, Iraurgi Berritzeneko zuzendari Begoña Beobidek eta eskualdeko eragile sozioekonomikoak ordezkatuz, Biele Group-eko Naiara Aldazabal-ek eta Grupo Sein-eko Marian Etxeberriak, eskualdeko bide azpiegituren egoera eta egun dauden beharrak azaldu dituzte.

Urola Erdiko bide azpiegitura sistema hobetzeko beharra ondorioztatu zen eskualdeko 76 eragileekin elkarlanean aurrera eramandako “Elkarrekin Urola Erdia Eraldatzen 2022-2027” hausnarketa estrategikoan, eta hau asetze aldera, atzo goizean hobekuntza beharrak azaleratu zitzaizkien bide azpiegituren departamenduari.

Behar honek barne hartzen dituen azpi lerroei dagokionez, eskualdeko herritar nahiz eragile sozioekonomiko ezberdinak eskura duten mugikortasun bide sarea hobetu nahi da. Horretarako, udaletako eta enpresen ordezkariz osatutako batzorde bat sortu zen aurreko urtean, Urola Erdiko errepide sareak, eskualde ikuspegitik behar dituen egokitzapenak nahiz hobekuntzak aztertuz.

Besteak beste, eskualdeko hainbat bide azpiegitura hobetzeko eskaera egin zen, Azpeitia, Azkoitia eta Zestoako udalerrien arteko loturen artean eta bereziki Zumarraga zein Zestoako A8 autobidera joateko errepideak hobetzeko hainbat azterketa tekniko egiteko eskatuz. Azpiegitura horiek hobetzeak, biztanleei mesede egiteaz gain, gure eskualdearen garapen eta bultzada sozioekonomikoa bultzatuko du.

Maria Ubarretxena Foru Diputatuak, balioan ipini zuen erakunde publiko eta pribatuen arteko elkarlanaren ondorioz egindako eskaera eta errepide sarearen azterketa tekniko horiek egiteko konpromezua hartu zuen, hurrengo lan bilera ekainean izatea adostuz, egindako azterketen emaitzak azaltzeko.

iraiurgi berritzen, elkarlan saio baten irudia