Gaur, Azkoitiko Elkargunea Lanbide Heziketaren eta Enpleguaren topagune bihurtu da, ZATOZ! Lanbide Heziketa eta Enplegu Azokaren bigarren edizioa jasoz.
Ekimen hau Urola Kosta eta Urola Erdiko Lanbide Heziketako ikastetxeek, Garapen Agentziek eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak antolatu dute elkarlanean, talentuaren sorrera, erakartzea eta mantentzea sustatzeko.
Azokak goizeko 10:00etan ireki ditu ateak, eta 14:00ak arte Lanbide Heziketan interesa duten ikasleek parte hartu dute. DBH eta Batxilergoko 600 ikasle baino gehiagok bi eskualdeetako Lanbide Heziketako eskaintza gertutik ezagutzeko aukera izan dute. Bertan izan dira Antoniano Ikastetxea, Azkoitia BHI, Floreaga Salestar Ikastetxea, Ikasberri Azpeitiko Ikastola, Iraurgi Ikastetxea, La Salle Ikastetxea, Lizardi BHI, Orioko Herri Ikastola, Oteitza Lizeo Politeknikoa, Salbatore Mitxelena Ikastola, Zaragueta Herri Eskola, Zumaiena Ikastetxea, Zumaia BHI eta Urola Ikastola BHI-ko ikasleak.
Arratsaldean, 14:00etatik 17:00etara, azoka herritar guztiei ireki zaie. Langabezian daudenek, lanean ari direnek eta informazio gehiago eskuratu nahi duten gazte zein helduek parte hartu dute. Bertaratutakoek etengabeko prestakuntzari buruzko aholkularitza jaso ahal izan dute, baita Lanbideko ziurtagiriak eskuratzeko, konpetentzien aitorpena egiteko eta lan-eskaintzei buruzko informazioa jasotzeko aukera ere.
9 eragile parte-hartzaile
Guztira, bederatzi eragilek hartu dute parte azokaren edizio honetan, beren eskaintza aurkeztuz:
- Iraurgi Berritzen – Urola Erdiko Garapen eta Berrikuntza Agentzia
- Urola Kostako Udal Elkarteko Garapen Agentzia
- Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzua
- Monte Albertia LHII
- Oteitza Lizeo Politeknikoa
- Zumaia BHI
- Oinarrizko Lanbide Heziketa: soldadura
- Izarraitz Lanbide Heziketa
- Aiala Sukaldaritza Ikastetxea