Bailarako bost mekanizatzailek Munibe Group berria sortu dute

2015-05-19

MUNIBE GROUP Urola Erdiko bost mekanizatzaileren arteko elkarlan-prozesuaren emaitza da. Iraurgi Berritzenen laguntzarekin (bailarako garapen agentzia), honako enpresa hauek garatu dute ekimena: Alberdi Mekanizatuak SL, Ekintza Lantegia SA, Mecanizados Gurrutxaga SL, Talleres Arrieta SA eta Talleres Mecánicos Murua SL.

10 eta 30 langile artean dituzten bost enpresa familiar horiek mekanizazioaren esparruan eskarmentu handikoak dira, hainbat sektoretako bezeroak dituzte eta aitortua dute beren kalitate-maila.

Untitled design11Azken hilabeteotan, enpresetako arduradunek ideia komun bat sortzeak ekar ditzaken onuren inguruan hausnartu dute, noski, bakoitzak bere berezitasunak galdu gabe.

Horrela, “elkarrekin gehiago gara” ideia ardatz hartuta, MUNIBE GROUP sortu dute, bakoitzak bere kasa bezeroei eskain ezin diezaieketen pieza eta prozesu eskari anitzari erantzun ahal izateko, bai eta denek batera neurri handiagoko proiektuak abian jartzeko modua izateko. Hori guztia bakoitzaren tamainaren malgutasunak ematen duen abantailari eutsita.

Horrela, MUNIBEk 3mm eta 2,8m arteko neurria duten pieza-tipologia eskain diezaioke merkatuari, eta hainbat ekoizpen-prozesu menperatzen ditu, hala nola mekanizazioa, torneaketa, fresaketa, artezketa, zulaketa edota dekoletajea.

Era berean, elkartzeak hainbat sektoretan egoteko gaitasuna ematen die, eolikoan, itsasontzienean, siderurgian, makina-erremintan, trenen sektorean, esaterako, bai eta bakoitzaren esperientziak eta ezagutzak bateratzeko ahalmena ere, esparru teknikoan kalitatea ziurtatzeko edota hainbat material erabiltzeko.

Beraz, errealitate berri baten aurrean gaude, askoz indartsuagoa. Enpresen euren gidaritzapean eta hurbileko beste enpresen laguntzaren bidez, lehiakortasun-gaitasuna areagotzea dute helburu, eta, horrela, egun dituzten eta etorkizunean izango dituzten bezeroen beharrei hobeto erantzun ahal izango die; jakina, moldatzeko gaitasun horrek ez dio bakoitzak duen izaerari eragingo.

Aipatu, MUNIBE izena bera, Urola Erdiari eta ekintzailetasunari estu lotuta dagoela. Ez alferrik, Xabier Munibek, Peñafloridako Konteak, eskualdeko beste ilustratu batzuekin batera, akademia bat sortu zuen, Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen muina izango zena, Intsaustiko Jauregian egoitza zuena: XVIII. mendeko pentsakera ilustratuaren eta zientziaren kokagune garrantzitsua. XXI. mendean, jauregia bera dugu Iraurgi Berritzen garapen-agentziaren egoitza, eta han garatu eta landu da MUNIBE GROUP iniziatiba.

Taldeak, maiatzaren 25-etik 29-ra, BEC-en ospatuko den Azpikontratazio Ferian egingo du elkarlan proiaktuaren aurkezpen ofiziala.

Web gunea: www.munibegroup.com

iraiurgi berritzen, elkarlan saio baten irudia