Iraurgi Ikastetxeko bigarren batxilergoko ikasleen orientazio profesionalean bidelagun Gerolan proiektuaren bitartez

2021-12-09

Abenduaren 9an eta 17an, Gerolan proiektuaren baitan, bi lan saio ospatu dira Iraurgi ikastetxean. Gerolan proiektuak Iraurgi Berritzenek dinamizatzen duen eragileen lankidetza sarean du jatorria eta eskualdeko bost ikastetxeetako orientatzaileekin elkarlanean garatzen da.

Ekimen honen helburu nagusia ikastetxeetako orientazio plana indartzea da, eta, horretarako, hiru lan ildo lehenesten dira:

  • Ikastetxeetan sentsibilizazio lan saioak, ikaslea bere hausnarketa- eta erabakitze-prozesuaren protagonista bihurtuz.
  • Eskualdeko errealitate sozioekonomikoa ezagutarazteko sortutako orientazio mapa eskuragarri jarri.
  • Eskualdeko eragileengana orientazio beharren nahiz interesen araberako bisitak eta hartuemanak antolatu.

Abenduan ospatutako bi lan saioetan Iraurgi Ikastetxeko bigarren batxilergoko 30 ikasle baino gehiagok hartu dute parte. Lehen saioan, dinamika eta baliabide desberdinen bidez, ikasleak euren etorkizun profesionalari zein pertsonalari buruz hausnartzearen garrantziaz sentsibilizatu nahi izan dira. Bigarren saioan, aldiz, ikasleen galdera zehatzei erantzuteaz gain, eskualdeko errealitate sozioekonomikoaren berri eman zaie.

2021/22 ikasturtean zehar eskualdeko beste ikastetxeekin antzeko ekimenak jarriko dira abian.

iraiurgi berritzen, elkarlan saio baten irudia