Urola Erdiak urrats berria eman du talentu-estrategian enpresa eta erakundeekin elkarlanean

2025-11-14
Enpresa
2025–2030eko ibilbide-orria adostu da, eskualdeko talentua erakartzeko eta mantentzeko estrategia bateratua sustatuz. 

Iraurgi Berritzen-etik urrats garrantzitsua eman da gure eskualdearen lehiakortasuna sendotzeko erronka partekatuan: “Urola Erdian Talentua Erakarri” proiektua abian jarri da.  

Urola Erdia nagusiki industria-izaerako eskualdea da, eta proiektu honen abiapuntua iaz eskualdeko 30 industria-enpresa baino gehiagorekin batera egindako Industria Enpleguaren Prospekzio Diagnostikoa izan da. Azterketak ondorio argia utzi zuen: datozen urteetan 360 lagun baino gehiago beharko dituzte enpresek, profil eta kualifikazio maila desberdinetan. 

Horrez gain, proiektuak Urola Erdiaren Plan Estrategikoan jasotako helburuetako bati erantzuten dio, eskualdeko eragileekin adostutakoa baita. 

IB SAREAren baitan, ibilbide-orri kolektiboa (2025–2030) adostu da, sektore publiko-pribatuaren arteko lankidetzaren emaitza, Iraurgi Berritzenen gidaritzapean. Lehen fasean, IBren talde teknikoak, Industria Guneako ordezkari bezala industria-enpresa talde batek —Biele, Elmubas, Sammic eta Domusa Coop— eta Azpeitiko zein Azkoitiko udalek hartu dute parte prozesuan. 

Ibilbide-orriak Urola Erdian talentua erakarri eta mantentzeko ikuspegi partekatua ezartzen du, hiru helburu nagusitan egituratuta: 

  1. Pertsonak –  Talentu kualifikatua erakartzea eta laguntzea. 
  2. Enpresa eta Prestakuntza – Enpresen eta prestakuntza-zentroen arteko sinergiak indartzea. 
  3. Erakundeak – Urola Erdia talentua garatzeko eskualde erakargarri gisa kokatzea. 

Helburu horiek hainbat ekintza-ildo eta ekimen zehatzen bidez gauzatuko dira, datozen urteotan eragile gehiagorekin elkarlanean garatuko diren zerbitzu eta jardueren bitartez. 

Eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu prozesu honetan parte hartu duten pertsona eta erakunde guztiei: Domusa, Biele, Sammic, Elmubas, Azpeitiko Udala eta Azkoitiko Udala 

Prozesuan zehar fazilitazioan lagundu digun batbietahiru aholkularitzari ere eskerrik beroenak.  

Talentua guztion erronka da, eta lankidetza da bidea. 

iraiurgi berritzen, elkarlan saio baten irudia