Urola Erdia eskualdeak Helmuga Turistiko Adimenduaren (HTA) aitortza jaso du FITUR nazioarteko turismo-azokan egin den ekitaldi ofizialean.
Bereizgarria SEGITTUR erakundeko ordezkarien eskutik jaso dute Iraurgi Berritzenen izenean Begoña Beobide zuzendariak eta Leire Goenaga, Azpeitiko zinegotzi eta Iraurgi Berritzeneko kontseilariak.
SEGITTUR, Berrikuntza eta turismo-teknologien kudeaketarako Estatuko merkataritza-sozietatea, da Estatuko mailan Helmuga Turistiko Adimenduen metodologia sortu eta garatu duen erakundea. Euskal Autonomia Erkidegoan, Basquetour Turismoaren Euskal Agentzia da metodologia hori garatu eta zabaltzeko SEGITTURren bazkide estrategikoa.
Iraurgi Berritzen Urola Erdiko Garapen eta Berrikuntza Agentziak, Basquetourrekin elkarlanean, Urola Erdia helmuga turistikoaren HTA diagnosia egin du, eta 2027. urtera arte inplementazio-prozesuaren ardura bere gain hartuko du. Proiektu honetan Azkoitia, Azpeitia eta Zestoako udalek hartu dute parte, Iraurgi Berritzenen koordinaziopean.
Aitorpen honek, 2027ko abendura arteko indarraldiarekin, Urola Erdia Helmuga Turistiko Atxiki gisa aitortzen du, eta jasangarritasunean, berrikuntzan, irisgarritasunean, gobernantzan eta teknologian oinarritutako turismo-eredu baten aldeko konpromisoa indartzen du.
