Iraurgi Berritzenek energia-trantsizioko proiektu berriak bultzatuko ditu Urola Erdian, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzari esker

2026-07-14
Industria Tokiko Garapena
Garapen agentziak 120.000 euroko dirulaguntza jasoko du 2026 eta 2027 urteetan, energiaren arloko proiektu estrategikoak planifikatu eta garatzeko.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak 1,2 milioi euro bideratuko ditu eskualdeko energia planak indartzeko eta bidezkoa, jasangarria eta herritarrengandik hurbila izango den energia trantsizioan aurrera egiten jarraitzeko. Jose Ignacio Asensio Jasangarritasuneko diputatuak eta lurraldean lan egiten duten eskualdeko hamar garapen agentzietako ordezkariek hitzarmena sinatu dute, tartean, Urola Erdiko Iraurgi Berritzenek. Azpeitiko alkatea eta Iraurgi Berritzeneko presidentea den Nagore Alkortak sinatu du akordioa aldundiarekin.

Hitzarmen horren baitan, Iraurgi Berritzenek 120.000 euroko dirulaguntza jasoko du, bi urtetan banatuta, Urola Erdian energiaren arloko proiektu estrategikoak garatzeko.

Laguntza horri esker, garapen agentziak hainbat jarduera bultzatuko ditu, besteak beste, energia-eraginkortasuna eta energia berriztagarriak sustatzeko ekimenak, herritarren eta eragileen sentsibilizazio-jarduerak, Mugikortasun jasangarriaren plana eta Energiaren Eskualdeko Bulegoaren bideragarritasunaren azterketa, hau da … eskualdeko energia-plangintza indartzera bideratutako hainbat ekintza.

Ekimen hau Urola Erdiko 2022-2027 Plan Estrategikoaren baitan garatzen den trantsizio ekologikoaren helburu estrategikoarekin bat dator, eta eskualdeko Energia eta Klima mahaian adostutako ekimenak bideratzen dira, erakundeen arteko lankidetza indartuz, eta eskualdeko energia-eredu jasangarriago baterantz aurrera egiteko aukera emanez.

iraiurgi berritzen, elkarlan saio baten irudia