Uztailaren 9an Zaragozako Udalean egin zen Inaziotar Bideko Udalerrien Elkartearen (AMCI) eta Jesusen Lagundiaren arteko lankidetza-hitzarmenaren sinadura ekitaldian parte hartu zuen Iraurgi Berritzenek, elkarteko batzorde teknikoko kide gisa. Ekitaldian Industria eta Turismo ministro Jordi Hereu ere izan zen, eta hitzarmenak Inaziotar Bidearen sustapen, seinaleztapen eta finantzaketa estrategia bateratua indartzea du helburu.
Iraurgi Berritzenek zeregin aktiboa izan zuen ekitaldiaren prestaketa eta koordinazio teknikoan, AMCIren batzorde teknikoko kide gisa egindako lanaren barruan. Era berean, ekitaldian bertan Azpeitiko eta Azkoitiko alkateei laguntza teknikoa eta instituzionala eskaini zien, eskualdearen ordezkaritza eta parte-hartzea koordinatuz.
Parte-hartze honek Iraurgi Berritzenek Inaziotar Bidearen gobernantzan eta garapen estrategikoan duen konpromisoa berresten du, ibilbidea kalitatezko turismo-produktu bateratu gisa sendotzeko eta Loiola zein Urola Erdia nazioarteko erreferentzia gisa kokatzen laguntzeko.