Gipuzkoako ETE industrialentzako erreferentziazko topaguneak bosgarren edizioa ospatuko du, industriaren etorkizunari buruz hausnartu, esperientziak partekatu eta egungo erronkei aurre egiteko bideak ezagutzeko.
Re-Think Industry kongresuak bosgarren edizioa ospatuko du urriaren 21ean, Donostiako Kursaal Jauregian, Gipuzkoako ETE industrialentzako erreferentziazko topagune gisa. Bost urte hauetan, ekimena Gipuzkoako industriak dituen erronkei buruzko hausnarketa partekaturako eta esperientziak trukatzeko gune gisa sendotu da.
Aurtengo edizioak “Lehiakortasuna. Talentua. Berrikuntza.” izango du ardatz. Hiru gai horiek elkarren artean lotuta daude eta datozen urteetan industria-sektorearen bilakaeran eragin zuzena izango dute: enpresen lehiakortasuna indartzea, talentua kudeatzea eta erakartzea, eta berrikuntza aurrerapenerako palanka gisa txertatzea.
Jardunaldiak Gipuzkoako industria-ekosistemako enpresak, adituak eta eragile nagusiak bilduko ditu, industriaren etorkizunari buruz hausnartzeko, esperientziak partekatzeko eta egungo erronkei erantzuten ari diren enpresen jardunbideak bertatik bertara ezagutzeko.
Programari hasiera emateko, Iván Martén Orkestrako presidenteak inaugurazio-hitzaldia eskainiko du. Ondoren, Gipuzkoako industriaren etorkizuna izango dute hizpide Isabel Busto ADEGIko presidenteak, Mauricio Arregui Gipuzkoako Ganberako presidenteak, Ander Aizpurua Kutxa Fundazioko zuzendari nagusiak eta Unai Andueza Gipuzkoako Foru Aldundiko Sustapen Ekonomikoko eta Proiektu Estrategikoetako diputatuak.
Jardunaldiaren bigarren zatian, talentua eta berrikuntza teknologikoa izango dira protagonista. Bi mahai-ingurutan, hainbat enpresak beren esperientziak eta ikaskuntzak partekatuko dituzte, talentua erakartzeko eta kudeatzeko nahiz berrikuntza teknologikoa enpresen jardueran txertatzeko garaian. Urola Erdiaren kasuan, Alberdi Mekanizatuak (talentua) eta ERLO (Berrikuntza Teknologikoa) enpresek parte hartuko dute.
Kongresuari amaiera emateko, David Hurtado adimen artifizialean aditu eta Microsofteko berrikuntza arduradunak adimen artifizialari buruzko hitzaldia eskainiko du.
Iraurgi Berritzenetik, Re-Think Industry bezalako ekimenek Urola Erdiko industria-enpresei joera berriak ezagutzeko, beste enpresa batzuen esperientzietatik ikasteko, ezagutza partekatzeko eta industria-ekosistemako beste eragileekin harremanak sortzeko eskaintzen dieten aukera azpimarratu nahi da.
Horregatik, eskualdeko industria-enpresak Re-Think Industry 2026 kongresuan parte hartzera animatzen ditu Iraurgi Berritzenek, industriaren etorkizuneko erronkei buruzko ikuspegi eta esperientzia berriak ezagutzeko aukera aprobetxatuz.
Programa osoa eta izen-emateak: Re-Think Industry 2026