Eskualdeko berrikuntza sozialean eragiteko Topagunea egingo dute eskualdeko eragileekin

2016-05-12

Urberritzen prozesuan ebaluatu diren proiektuen emaitzak aurkeztu, emaitzen inguruko hausnarketa bateratua egin eta berrikuntza sozialaren praktika hobetzeko gakoak identifikatuko dira Topagunean.

Iraurgi Berritzenek Urola Erdia eta Beterri eskualdeetan berrikuntza soziala lantzeko Urberritzen proiektua jarri zuen martxan duela hilabete batzuk, Donostia-Beterri eskualdeko udalekin (Beterri) eta Elhuyar Aholkularitzarekin elkarlanean.

Urberritzen egitasmoaren helburu nagusia da Urola Erdia eta Beterri eskualdeetako eragileen berrikuntza sozialerako gaitasuna handitzea eta eragileen arteko artikulazioa hobetzea, etorkizunean eskualdeko erronka sozialei erantzun propioagoak eta egokiagoak eman ahal izateko eta lankidetza-proiektu berriak sortzeko.

Martxoa eta apirilean, Urola Erdian garatzen ari diren sei proiektu berritzaile ebaluatu dira, gizarte-berrikuntzatik zer duten aztertzeko. Ebaluatutako proiektu horiek hautatzerako orduan, proiektuen nolakotasunari erreparatu eta irizpide ezberdinak hartu dira kontuan; Iraurgi Berritzenek edo gizarte-eragileek sustatutakoak izatea; sektore ezberdinei eragiten dietenak, barrura edo kanpora begirakoak, kudeaketa-eredu ezberdinak dituztenak, alor ezberdinak lantzera bideratutakoak eta fase edo garapen-maila desberdinetan daudenak.

Orain, maiatzean, lan-saio edo Topagune bat egingo da ebaluazio horien emaitzen berri eman, eskualdeko berrikuntza sozialaren gaitasunaz jabetu eta etorkizunean, abiatzen ditugun proiektuen bidez sortzen dugun gizarte-, ekonomia- eta ingurumen- inpaktua hobetzeko helburuarekin.

Topagunea datorren asteartean, maiatzaren 17an, egingo da Azkoitiko Elkarguneko Oteiza gelan, 18:00etatik 20:30era.

Topagunera etortzeko interesa duten eragile edo norbanakoek bi bide hauek dituzte izena emateko: 943 02 60 69 telefonora deitzea edo iabarisketa@iraurgiberritzen.eus edo isorazu@iraurgiberritzen.eus helbidera idaztea, maiatzaren 13a baino lehen.

Proiektua ekainean bukatuko da eta ekainaren hasieran Jardunaldi bat egingo da Urberritzen prozesuan ikasitakoa gizartearen eskura jartzeko.

iraiurgi berritzen, elkarlan saio baten irudia