Eskualdeko industria enpresek eraldaketa digitalerako tresnak eta laguntzak ezagutzeko aukera izan dute

2026-04-28
Industria
Iraurgi Berritzenek, GFA, SPRI eta ZIURekin elkarlanean antolatutako lan saioan, enpresek digitalizaziorako programa eta laguntza nagusiak ezagutu dituzte

Gaur goizean “Eraldaketa digitalean aurrera egiteko tresnak eta laguntzak” izeneko lan-saioa ospatu da Azpeitiko Basazabal Jauregian, Iraurgi Berritzenek Gipuzkoako Foru Aldundiarekin (GFA), SPRIrekin eta ZIURrekin elkarlanean antolatuta. Bertan eskualdeko 25 industria enpresa inguruk parte hartu dute.

Lan saioaren helburua eskualdeko industria-enpresei eraldaketa digitala sustatzeko dauden lan lerro eta laguntza nagusiak ezagutaraztea izan da, baita erakunde sustatzaileetako arduradunekin harreman zuzena izateko aukera eskaintzea ere.

Saioan zehar, SPRIk “Adimen Artifiziala 2026” eta “Zibersegurtasun Industriala 2026” programak aurkeztu ditu; GFAk, berriz, “Datekin”, “Berritek+”, “Zibersegurtasuna industrian OT” eta “Zibersegurtasuneko gaitasun aurreratuak” programen berri eman du; eta ZIURek industria-enpresentzat eskuragarri dauden zibersegurtasun zerbitzu eta lan lerroak azaldu ditu.

Lan-saioak izaera praktikoa izan du, eta parte-hartzaileek aukera izan dute beren enpresen proiektuen enkajea aztertzeko, aurkeztutako laguntza eta lan lerroen baldintzak kontuan hartuta. Era berean, networking guneak esperientziak partekatzeko eta zalantzak argitzeko espazio irekia eskaini du.

Jardunaldia eskualdeko industria-enpresetako zuzendaritza, finantza, berrikuntza eta IT arduradunei zuzenduta egon da, eta interes handia piztu du digitalizazioarekin lotutako aukerak eta baliabideak ezagutzeko.

Lan-saio hau Iraurgi Berritzenek eskualdeko industria-enpresen trantsizio teknologiko-digitala bultzatzeko duen estrategiaren baitan kokatzen da, enpresei tresna praktikoak eta informazio baliagarria eskainiz, beren lehiakortasuna indartzeko bidean.

iraiurgi berritzen, elkarlan saio baten irudia