Gaur ospatu da Donostiako Kursaal Jauregian, Foru Aldundiak antolatutako Re-Think Industry jardunaldia, Etorkizuna Eraikiz lankidetzazko gobernantzaren baitan kokatzen dena, eta Gipuzkoako ETEek eraldaketa digitalaren esparruan izandako lorpen eta erronkak partekatzeko helburuz antolatu dena.
Irekiera Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiaren eskutik izan da. Honen esanetan “eraldaketa digitala da gure ehun ekonomikoaren eta industriaren etorkizuneko lehiakortasuna baldintzatuko duen prozesu nagusietako bat. Orain hartuko ditugun neurriak erabakigarriak izango dira. Unea da etorkizuna prestatzeko. Gure apustua argia da: egoera honetatik ateratzeko, eraldaketa digitalean aurrera egingo duen industria behar dugu. Abiadura diferenterik gabe”. Aldi berean, bi inspirazio hitzaldi egin dira, bata irekierakoa eta bestea itxierakoa, izenburu honekin: ‘Begirada: Gipuzkoa eta mundua’. Lehenengoa Juan Antonio Zufiria (Villabona, 1960) IBMko aholkulariak eman du, orain gutxi arte mundu mailan IBMren azpiegitura zerbitzuen arduradun izandakoak. Zerbitzu horien artean daude Mugikortasuna, Egoitza, Sistemak eta Sareak eta Euskarri Teknologikoko Zerbitzuak.
Itxierako hitzaldia Vicomtech-eko zuzendari nagusi Julian Florezek (Donostia, 1958) eman du. Zentro hori industriari aplikatutako teknologia digitalen eta adimen artifizialaren ikerketan eta garapenean espezializatutako 200 profesional baino gehiagok osatzen dute. Basque Research and Technology Alliance (BRTA) eta graphicsvision.ai (Artificial Intelligence Network for Graphics, Media and Vision Technologies) erakundeen Zuzendaritza Kontseiluko kide ere bada. Adimen artifizialean aplikatutako ikerketa zentroen nazioarteko aliantza horren egoitza Kaiserslauternen (Alemania) dago.
Gipuzkoako enpresa txiki eta ertainetan aldaketa sustatzera deituta dauden pertsonei zuzendu da. Bertan, lurraldeko enpresetako, eragile ekonomikoetako eta I+G zentroetako 600 ordezkari bildu dira, esperientziak trukatzeko eta erronka digitalari arrakastaz heldu dioten kanpainen kasu arrakastatsuak ezagutzeko. Horien artean izan dira eskualdeko hainbat enpresetako ordezkariak ere.
Bilgune honen xedea izan da ulertzen laguntzea zer den eraldaketa digitala eta hori negozioak nola aldatzen ari den, identifikatzea gure ekosistemako zein eragile gakok eskaintzen duen prozesu hori burutzeko laguntza; eta espazio bat eskaintzea beste konpainia batzuekin kezkak eta esperientziak parteka ditzaten, horrela sareko lana sustatu eta lankidetza bide berriak zabaltzeko.
Enpresa txiki eta ertainak sentsibilizatzeko eta gaitzeko premisa bikoitzaren gainean diseinatu da jardunaldia, negozioa digitalki eraldatzeko urratsak ematen hasi diren enpresetan nahiz oraindik hasi ez direnetan pentsatuta. Horretarako, jardunaldiaren muina lau saio paralelok osatu dute eta saio bakoitza eragile batek zuzendu du. Saio horietan kasu arrakastatsuak aurkeztu dira, ondoren mahai-inguru bat egiteko.
Horietako lehena, ‘Fabrika aurreratuak eta adimendunak, produkturik onenak eskaintzeko’, AFM Clusterrak zuzendu du, eta Egile, Metagra eta Tximi izan ditu partaide. Bigarrena, ‘Etorkizunaren balio kateak, zerbitzuen berrikuntza digitalerako aukera ematen dutenak’, Gipuzkoako Ganberak zuzendu du, eta ABC Compressors, Euskabea eta EUN Group-ek parte hartu dute. Hirugarren saioari dagokionez, ‘Transformazioari aurre egiteko aliatuak’, laguntza ekosisteman zentratu da, eta, Iraurgi Berritzeneko zuzendari den Begoña Beobideren gidaritzapean, Garapen ordezkatuz, BRTA, Bic Gipuzkoa, Tknika eta Gaiaren ekarpena izan du. Laugarren saioak ‘Erakundean aldaketa bideratzen, azkarragoak izateko’ du izenburu, eta ardatza antolaketa-eraldaketa izango da; Orkestraren gidaritzapean, Ternua Group, Herrekor eta Asti MGR-ren esperientziak ezagutzera emango dira.
{myFlickr}photoset_id=72177720297760548{/myFlickr}