IB Kontseiluak eskualde ikuspegitik Plan Estrategiko bat garatzea onartu du

2021-04-22

Apirilak 22an, Iraurgi Berritzen-en Kontseiluak urteko lehen topagunea ospatu du, gune sozioekonomiko desberdinen ordezkariekin (udalak, enpresak, enplegua eta hezkuntza elkarlan guneak). Guztira arlo desberdinetako 11 ordezkarik hartu dute parte Kontseiluan. Kontseiluaren helburua eremu sozioekonomiko desberdinen arteko ezagutza eta elkarlana sustatzea da hain zuzen, proiektu desberdinen bitartez, beti ere eskualdeko sustapen sozioekonomikoa helburu.

Lehen zatian, eremu bakoitzean eragileen artean elkarlanean garatzen ari diren proiektuen egoera, aurrerapausoak, eta helburuak aurkeztu dituzte, guneetako ordezkariek:

Enpresa Gunearen aldetik Sidenor eta Berritek-eko ordezkariek azaldu dituzte besteak beste, Enpresa Gunearen Ekintza Plana, Ikasiz Programa, Lan talde berriak; enpresei bideratutako galdeketak, abian jarritako 19 proiektu berri digitalizazioan, estrategian eta produkzioaren hobekuntzan, eta udal eta enplegu zerbitzuekin sustatutako elkarlana.

UrolanPrest Enplegu Gunearen aldetik eskualdearen langabeziaren egoeraren balorazioa egin da (%8,9 martxoko langabezia tasa), eta abian diren proiektu eta zerbitzuen bilakaeraren berri eman da. Bereziki, zaurgarritasun egoeran dauden pertsonen aldeko laneratzeko proiektuaren emaitzak eta helburuak azpimarratu direlarik ElkarEkin dinamikaren baitan.

Hezkuntzaren eremuan, Izarraitz Lanbide Heziketako zuzendariak eskualdean eskeiniko diren ziklo eta lanbide ziurtagiri berriak aurkeztu ditu, bereziki azpimarratuz onartu berri den Informatikako Goi Mailako Zikloa (Plataforma anitzeko sare garapena) eta enpresa eta enplegu eragileekin aktibatutako elkarlan egitasmoak hauen beharretara egokitzeko.

Azkoitia – Azpeitia Urola Ikastola BHI-ko eta eskualdeko ikastetxeen guneko ordezkariak, elkarlanean garatzen ari diren proiektu desberdinen berri eman du: ZTIM, Gerolan, Elkarrekin Eraikitzen, Izan Ekintzaile, Hezkuntza 4.0 Gamifikazioa etab.

Azpeitia, Azkoitia eta Zestoako udal zinegotziek ere, elkarlanean helburu dituzten lerro estrategikoak aurkeztu, eta IBren gobernantza eredua indartzearen aldeko konpromisoa berretsi dute, proiektuan emandako pausoak eta dituen erronkak baloratuz.

Bigarren zatian, udal ordezkariek, gune desberdinen aldetik jasotako ekarpenak kontuan izanik, eskualde ikuspegi batetik plan estrategiko bat lantzeko proposamena azaldu dute kontseiluari, IBren gobernantza ereduan oinarrituta. Kontseiluak proposamenari ekarpenak egin ondoren, aho batez onartu du proposamena. Hausnarketa estrategikoa IB eredua osatzen duten eremu sozioekonomiko guztietan garatzea onartu da.

iraiurgi berritzen, elkarlan saio baten irudia