Gerolan proiektuak 2026/27 ikasturteko ibilbidea zehaztu du, eskualdeko ikasleei beren etorkizun akademiko eta profesionalaren inguruan hausnartzen eta erabakiak hartzen laguntzeko.
Horretarako, eskualdeko ikastetxeetako orientazio arduradunak Intsausti Jauregian gaur elkartu dira, ikasturtean zehar elkarlanean garatuko diren ekintzak adostu eta planifikatzeko.
Prozesuaren abiapuntua ikaslea bera eta bere interesak izango dira. Ikasturtean zehar ondorengo ekintzak garatuko dira:
- Lehenik, ikastetxeetan hausnarketa aktiboa sustatzeko saioak egingo dira, gazteei beren interes, kezka eta etorkizuneko aukeren inguruan gogoeta egiten laguntzeko.
- Ondoren, ikasketekin jarraitzeko dituzten interesak identifikatu eta multzokatuko dira.
- Interes horietatik abiatuta, ikasleek eskualdeko errealitate profesionala gertutik ezagutzeko aukera izango dute. Horretarako, hainbat eragile bisitatuko dituzte eta arlo desberdinetako profesionalekin elkarrizketak egingo dituzte, lanbide eta ibilbide profesional desberdinen inguruko informazioa lehen eskutik jasotzeko.
Ikasturtean zehar garatuko diren ekintzetan DBH 4. eta Batxilergoko 2. mailako 300 ikasle inguruk eta eskualdeko 40 eragile inguruk parte hartzea aurreikusten da.
Gerolan proiektuaren bidez, ikastetxeen eta eskualdeko eragileen arteko lankidetza indartzeaz gain, gazteei beren etorkizunari buruzko erabakiak hartzeko baliabideak eta gertuko erreferenteak eskaini nahi zaizkie. Dinamika hori Iraurgi Berritzenen ikuspegi estrategikoarekin bat dator, gazteen ahalduntzea eta eskualdeko talentuaren garapena ardatz hartuta.
