Abenduaren 9an eta urtarrilaren 14an, Gerolan proiektuaren baitan, bi lan saio ospatu dira Iraurgi ikastetxean.
Saio hauetan Iraurgi Ikastetxeko bigarren batxilergoko 30 ikasle baino gehiagok hartu dute parte. Lehen saioan, dinamika eta baliabide desberdinen bidez, ikasleak euren etorkizun profesionalari zein pertsonalari buruz hausnartzearen garrantziaz sentsibilizatu nahi izan dira. Bigarren saioan, aldiz, ikasleen galdera zehatzei erantzuteaz gain, eskualdeko errealitate sozioekonomikoaren berri eman zaie.
Gerolan proiektuak Iraurgi Berritzenek dinamizatzen duen eragileen lankidetza sarean du jatorria eta eskualdeko bost ikastetxeetako orientatzaileekin elkarlanean garatzen da. Ekimenaren helburu nagusia ikastetxeetako orientazio plana indartzea da, eta, horretarako, hiru lan ildo lehenesten dira:
- Ikastetxeetan sentsibilizazio lan saioak, ikaslea bere hausnarketa- eta erabakitze-prozesuaren protagonista bihurtuz.
- Eskualdeko errealitate sozioekonomikoa ezagutarazteko sortutako orientazio mapa eskuragarri jarri.
- Eskualdeko eragileengana orientazio beharren nahiz interesen araberako bisitak eta hartuemanak antolatu.
2021/22 ikasturtean zehar eskualdeko beste ikastetxeekin antzeko ekimenak jarriko dira abian.