Industria-enpresetan euskararen erabilera eta inplantazioa hizpide industria arloko Ikasiz saioan

2026-07-08
Industria

Iraurgi Berritzenek antolatutako online saioan, enpresetan euskara planak garatzeko prozesua, baliabideak eta eskualdeko BIELE GROUP eta ALBERDI MEKANIZATUAK enpresen esperientziak partekatu dira. 

Atzo goizean ospatu zen “Enpresetan euskararen erabilera eta inplantazioa” izeneko lan-saioa, Iraurgi Berritzenek IKASIZ programaren baitan antolatuta. Online formatuan egindako saio honetan eskualdeko hainbat enpresetako ordezkariek enpresetan euskararen inplantazioa sustatzeko tresnak, BIELE GROUP eta ALBERDI MEKANIZATUAK enpresen esperientziak, eta dauden baliabide eta laguntzak ezagutzeko aukera izan zuten.

ELEGUNEko Alaitz Imaz-en eskutik, saioan zehar, euskararen erabilera enpresetan lantzearen garrantzia azpimarratu zen, hizkuntza-kudeaketa hutsetik harago doan ikuspegia eskainiz. Izan ere, euskararen presentzia indartzeak langileen inplikazioa eta pertenentzia-sentimendua sustatzen laguntzen du, barne-komunikazioa hobetzen du, bezero eta hornitzaileekiko harremanak sendotzen ditu eta enpresaren marka-irudia nahiz lurraldearekiko konpromisoa indartzen laguntzen du.

Jardunaldian euskara-plan baten garapena azaldu zen, planifikaziotik hasi eta ezarpenera, emaitzen ebaluaziora eta etengabeko hobekuntzara arte. Horrez gain, zuzendaritzaren eta arduradunen lidergoaren garrantzia azpimarratu zen, baita langileen parte-hartzea sustatzeko gakoak ere, prozesua modu naturalean eta partekatuan garatzeko.

Saioak izaera praktikoa izan zuen, eta parte-hartzaileek autodiagnostikorako tresnak ezagutzeko aukera izan zuten, beren enpresaren egoera aztertzeko eta euskararen erabilera sustatzeko lehen urratsak identifikatzeko. Era berean, BIELE Group-eko Maider Aizpuru eta ALBERDI MEKANIZATUAK-etik Aitzol Alberdik bere esperientzia ibilbideak aurkeztu zituzten prozesu honetan.

Lan-saioa IKASIZ programaren baitan kokatzen da, Iraurgi Berritzenek eskualdeko industria-enpresen lehiakortasuna eta pertsonen kudeaketa indartzeko sustatzen dituen ekimenen barruan.

iraiurgi berritzen, elkarlan saio baten irudia