15 parte-hartzailek 540 orduko ikastaroa burutu dute Izarraitz Lanbide Heziketa zentroan, eta orain eskualdeko enpresetan praktikak egiteko prest daude.
Iraurgi Berritzeneko Enplegu Arlotik, Urola Erdian langabezia murrizteko eta laneratze aukerak sustatzeko lanean jarraitzen dugu, bertako eragileekin elkarlanean. Ildo horretan kokatzen da “Urola Erdian ElkarEkin Eraginez IV” proiektua, zaurgarritasun-egoeran dauden pertsonei gizarteratze- eta laneratze-bide egokituak eskaintzea helburu duena.
Proiektuaren baitan, 2025eko urriaren 13an abian jarri zen Txirbil-Harroketa bidezko Mekanizazioa eta CNC ikastaroa amaitu berri da. 540 orduko prestakuntza honek gehi ondoren eskualdeko enpresetan egingo dituzten praktikek ziurtagiria lortzeko aukera emango die parte-hartzaileei.
Ikastaroa Azkoitiko Izarraitz Lanbide Heziketa zentroan eskaini da, eta bertan 15 pertsona (3 emakume eta 12 gizonezko) aritu dira ikasten eta gaitasun berriak eskuratzen. Parte-hartzaileen inplikazioa eta interesa nabarmena izan da.
Ikastaroari amaiera emateko eskualdeko 2 industria enpresa ezberdinetako ordezkariak izan dira bisitan Izarraitz Lanbide Heziketa Zentroan, Itxasfar eta Manufacturas Marpe enpresetakoak hain zuzen.
Halaber, ikasle hauek, lanbide ziurtagiria lortu ahal izateko, 80 orduko praktikak egin behar dituzte. Beraz, Mekanizatuko praktiketan norbait hartzeko interesa izanez gero, gurekin harremanetan jartzera animatzen zaituztegu, honako helbide honetara idatziz: sfernandez@iraurgiberritzen.eus (Sandra Fernández).
Ekimen hau Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatu du, eta eskualdeko prestakuntza- eta gizarte-eragileekin elkarlanean gauzatu da, tokiko enplegagarritasuna hobetzeko helburuari eutsiz.