Hazilan proiektuan parte hartzen ari diren gazteekin bildu dira alkateak

2016-07-19

Gaur goizean, Iraurgi Berritzenen koordinaziopean garatzen ari den Hazilan proiektuan parte hartzen ari diren gazteekin bildu dira Azpeitiko eta Azkoitiko alkateak, Eneko Etxeberria eta Javier Zubizarreta.

Hazilan 20 eta 35 urte bitarteko gazte kualifikatuei zuzenduriko egitasmoa da. Helburua da gazteen enpleagarritasuna hobetzea eta lan munduan txertatzeko baliabideak eskaintzea. 15 gaztek hartu dute parte “Aktibatu” deritzan programaren lehenengo fasean eta orain bailarako enpresetan praktikak egiteko aukera dute. Gazteen artean, zazpi azkoitiarrak dira, beste hainbeste azpeitiarrak eta bat zestoarra.

Herri bietako alkateek hartu-eman zuzena nahi dute gazteekin eta haien ahotik entzun zer nolako balorazioa egiten duten proiektuaz, zeintzuk diren dituzten beharrak eta udal gisa zer egin daitekeen enplegua sustatzeko.

Javier Zubizarretaren mezua argia izan da. Ez etsitzeko esan die gazteei, iritsiko zaiela ordua eta bururik ez makurtzeko nahi duten hura lortu arte.

Zubizarretak eta Etxeberriak enplegua dutela kezka nagusi adierazi diete eta ahaleginak eta bi egingo dituztela ahal duten neurrian laguntza emateko.

iraiurgi berritzen, elkarlan saio baten irudia