5 ikastetxe, 5 lankidetza-proiektu, 30 irakasle inguru eta 400 ikasletik gora. Ikasturte honetan, Urola Erdiko hezkuntza-komunitateak berriro erakutsi du elkarlanak baduela indarra erronka partekatuei erantzuteko.
Gaur, uztailak 10, eskualdeko bost ikastetxeetako zuzendariek lan-bilera egin dute Azkoitiko Intsausti Jauregian, Hezkuntza Gunearen baitan. Bertan, ikasturte hasieran elkarrekin definitutako lan-ildoen garapena aztertu dute, eta IB Hezkuntza markoan landutako proiektu eta dinamiken balorazio oso positiboa egin dute.
Ikasturtean zehar hiru ardatz nagusi landu dira. Batetik, IKASIZ lan-lerroaren bidez, zuzendaritza-taldeen behar zehatzetatik abiatutako hausnarketa, sentsibilizazio eta kapazitazio espazioak sortu dira.
Bestetik, martxan diren proiektuak sendotzen jarraitu da: Elkarrekin Eraikitzen, Gerolan Orientazioa, ZIMAT Urola Erdian eta Izan Ekintzaile.
Eta, hirugarrenik, etorkizuneko erronka bati heldu zaio: adimen artifizialaren inpaktua hezkuntzan. Gai horren inguruan lan-talde berri bat sortu da, ikastetxeekin batera IAk irakaskuntzan, ikasketa-prozesuetan eta ikasleen gaitasunetan izango duen eragina aztertzeko.
Ikasturte hau ikasketa-prozesu polita izan da. Ikastetxeen arteko konfiantza, esperientzien partekatzea eta erronka amankomunen inguruko lankidetza izan direlarik bide honen oinarri nagusiak.
Lan bileran ateratako hobekuntza-ildoek datorren ikasturteko norabidea markatuko dute. Iraurgi Berritzeneko hezkuntza arloko teknikariek gogoz helduko diote hurrengo etapari, eskualdeko ikastetxeekin batera hezkuntzaren erronka berriei erantzuten jarraitzeko.

