100 langabeturentzat prestakuntza ibilbideak abian dira Urola Erdian ElkarEkin proiektuaren baitan

2025-05-30
Enplegua
UrolanEkin Sareak inklusiorako eta lanerako bidea jorratzen du eskualdeko 15 eragileren elkarlanari esker 

 

Iraurgi Berritzenek, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin, UrolanEkin Sarea sustatzen du ElkarEkin proiektuaren koordinatzaile moduan. Ekimen honek Urola Erdiko langabetuentzako prestakuntza eta laneratze bide eraginkorrak eskaintzen ditu, zaurgarritasun egoeran dauden pertsonen inklusio sozial eta ekonomikoa sustatzeko helburuarekin. 

Gaur, maiatzak 30, Basazabal jauregian egin den topagunearen bidez, “Urola Erdian ElkarEkin 2025-2026” proiektuaren ibilbidea, lehen emaitzak eta hurrengo urratsak partekatu eta kontrastatu dira eragileekin. Honetaz gain, Urola Erdian langabetuak laneratzeko martxan diren prestakuntza ibilbideen jarraipena ere egin da.  Bertan, 22 bat lagun bildu dira, eskualdeko gizarte inklusioarekin lotutako eragile nagusiak barne. 

Prestakuntza sektore estrategikoetan: industria eta zerbitzuak 

ElkarEkin proiektuak laneratzeko 7 prestakuntza ibilbide eskaintzen ditu. Industria sektorean, mekanizazio eta soldadurako ziurtagiri profesionalak eta biltegi kudeaketa ikastaroa eskaintzen dira. Zerbitzuen arloan, sukaldaritza eta mendekotasun egoeran dauden pertsonentzako arretako prestakuntza nabarmendu dira. Sukaldaritzako ikastaroa amaitu berri da eta bertan 15 lagunek hartu dute parte; beste bi ibilbide ere abian dira jada, mekanizazioaren ziurtagiri profesionala, eta biltegiko ikastaroa hain zuzen.  

Prestakuntza hauek eskualdeko enpresa eta eragileekin elkarlanean definitu dira, Iraurgi Berritzenen Enplegu Arloko lantaldeak enplegu zerbitzuetan jasotako beharretan eta Urola Erdiko industria enplegu aztarnategian jasotako informazioan oinarrituta. 

ElkarEkin proiektuaren eragina eta erronkak 

Ekimenaren helburu nagusietako bat da pertsona zaurgarrien gaitasunak garatu eta laneratze bideak irekitzeko aukera eskaintzea. Urola Erdiko langabezia tasa gaur egun %6,9koa da; gizonetan %5,5 eta emakumeetan %8,5. Testuinguru honetan, prestakuntza bideek aukera errealak eskaintzen dituzte bizitza duina eta lan merkatuan tokia izateko. 

UrolanEkin Sarea, gainera, inklusioaren inguruko barne-hausnarketan murgilduta dago, eskaintzen diren zerbitzuen eraginkortasuna hobetzeko eta eragileen arteko lankidetza sendotzeko, behar berriei erantzunak emanez. 

Aurrera begira: laneratzea eta elkarlanaren sendotzea 

Hurrengo pausuetan, parte-hartzaile horien laneratzean jarriko da fokoa. Iraurgi Berritzen hainbat enpresa eta eragilerekin lanean ari da, prestakuntza ibilbideak burutu dituzten pertsonei enplegua lortzeko aukerak eskaintzeko. 

Eskerrak eman nahi dizkiegu proiektuan parte hartzen duten eragile guztiei: Zabaltzen Sartu, Izarraitz LHII, Caritas, Gurutze Gorria, Gureak, Gazte Bulegoa, Kalexka, HHP, Lorratz, Loiola Zentroa, Sos Arrazakeria, eta Azpeitia, Azkoitia eta Zestoako udalak eta gizarte zerbitzuetako teknikariak, besteak beste. 

iraiurgi berritzen, elkarlan saio baten irudia