UrolanEkin Sareak 19 eragile biltzen ditu gaur egun, eta 2025-2026 aldian 99 pertsonek parte hartu dute prestakuntza-ibilbideetan.
Iraurgi Berritzenek, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin garatzen den ElkarEkin programaren baitan, lanean jarraitzen du Urola Erdian gizarteratzea eta laneratzea sustatzeko, zaurgarritasun egoeran edo arriskuan dauden pertsonei aukera berriak eskainiz. Pertsonengan oinarritutako akonpainamendu integrala eta eskualdeko baliabideen arteko koordinazioa dira ekimenaren oinarriak.
Helburu horrekin sortu zen UrolanEkin Sarea, Urola Erdiko gizarteratze, prestakuntza eta laneratze arloan diharduten 19 eragilek osatutako elkarlan-sarea. Sarearen bidez, eskualdeko eragileen arteko koordinazioa eta ezagutza sendotu dira, pertsonen beharrei modu eraginkorragoan erantzuteko eta laneratze-prozesuak errazteko.
Elkarlan horren emaitza gisa, Urola Erdiko gizarteratze eta laneratze eragileen mapa osatu da. Tresna berri honek eskualdeko baliabideak eta zerbitzuak ikusgarri egiten ditu, profesionalen arteko koordinazioa errazten du eta herritarrei nahiz eragileei informazioa modu argiagoan eskuratzeko aukera eskaintzen die.
2025-2026 aldiko emaitzak
2025-2026 aldian, ElkarEkin programaren baitan 7 prestakuntza-ibilbide jarri dira abian, industria eta zerbitzuen sektoreetan laneratzeko aukera berriak sortuz.
Guztira, 99 pertsonak hartu dute parte prestakuntza-ibilbide horietan; horietatik 46 emakume eta 53 gizonezko izan dira.
Lortutako emaitzei dagokienez, 44 pertsona laneratu dira, horietatik 19 emakume eta 25 gizonezko, prestakuntza, orientazioa eta enpresekin egindako bitartekaritza uztartu dituen lanaren ondorioz.
Emaitza horiek agerian uzten dute erakundeen, gizarte-eragileen eta enpresen arteko lankidetza funtsezkoa dela pertsonen enplegagarritasuna hobetzeko eta aukera berdintasuna sustatzeko.
Iraurgi Berritzenek eta UrolanEkin Sareko eragileek lanean jarraituko dute gizarteratzea eta laneratzea sustatzeko, pertsonengan oinarritutako akonpainamendua, prestakuntza eta eskualdeko eragileen arteko elkarlana ardatz hartuta.