eCommercea, fidelizazioa eta estrategia digitala hizpide izango dituen lan saioa Azpeitian

2026-05-07
Industria

Iraurgi Berritzenek, Astigarraga Kit Linek eta Ágora Digitalek antolatutako lan saioak estrategia digitala, bezeroarekiko harremana eta fidelizazioa landuko ditu ikuspegi praktiko batetik.

Iraurgi Berritzenek, Astigarraga Kit Line eta Ágora Digital enpresekin elkarlanean, “eCommercea eta fidelizazioa: estrategia eta bezeroa konektatzeko gakoak” izeneko lan-saioa antolatu du datorren maiatzaren 14rako, 9:45etik 13:05era Azpeitiko Basazabal Jauregian.

Lan-saioa eCommercea, fidelizazioa eta bezeroarekiko harremana ikuspegi praktiko, eguneratu eta negoziora bideratu batetik landu nahi dituzten profesional, marka eta enpresei zuzenduta dago. Jardunaldiaren helburua izango da estrategia digitalek eta bezeroarekiko harremanek gaur egungo ingurune lehiakorrean bizi duten bilakaera aztertzea, kasu errealen, esperientzien eta ikaskuntzen bidez.

Programak hitzaldiak, negozio kasu praktikoak eta B2C zein B2B ikuspegiak uztartuko ditu, besteak beste fidelizazioa, automatizazioa, marketplaceak, omnikanalitatea eta hazkunde estrategiak bezalako gaiak jorratuz.

Saioari hasiera emango dio Alejandro Ramosek, Ágora Digitaleko CEOak, “Fidelizatzea ere haztea da” hitzaldiarekin, fidelizazioa hazkunde eta balio sortzeko palanka gisa aztertuz. Ondoren, Miriam Rodríguezek, Buzones Arreguiko marketin arduradunak, kontsumo-ohitura berrietara egokitzeko gakoak partekatuko ditu. Jardunaldiaren bigarren zatian, Djuniet Astigarragak, Astigarraga Kit Lineko Head of eCommerce arduradunak, B2B ikuspegia eta bezeroarekiko lotura izango ditu hizpide; eta amaitzeko, Marcelo Núñezek, Mailchimpeko Partnerships & Ecosystem Lead arduradunak, email marketingetik automatizazio adimentsuago eta pertsonalizatuagoetara ematen ari den bilakaera azalduko du.

Lan-saioa bereziki zuzenduta dago zuzendaritza, marketin eta komunikazio, merkataritza, eCommerce eta eraldaketa digitaleko arduradunei, baita estrategia digitala hobetu nahi duten profesional eta enpresei ere.

Parte-hartzaileek sektore digitalaren eta bezeroekiko harremanaren bilakaera ulertzeko ikuspegi berriak ezagutzeko aukera izango dute, beste profesional batzuekin esperientziak eta ikaskuntzak kontrastatzeko espazioa izango dute, eta fidelizazioa, errepikapena eta bezeroekiko epe luzeko harremana lantzen ari diren enpresen kasu praktikoak gertutik ezagutuko dituzte.

Parte hartzea mugatua izena aurrez ematea gomendatzen da honako lotura honen bidez

Lan-saio hau Iraurgi Berritzenek eskualdeko industria-enpresen trantsizio teknologiko-digitala bultzatzeko duen estrategiaren baitan kokatzen da. Agentziaren helburua da ETE industrialei tresna praktiko eta aplikagarriak eskaintzea, lehiakortasuna handitu eta eraldaketa-prozesuei modu eraginkorrean aurre egin diezaieten.

iraiurgi berritzen, elkarlan saio baten irudia