Eskualdeko 350 ikaslek eta sektore desberdinetako 27 eragile eta 70 profesional baino gehiagok hartu dute parte aurtengo Gerolan proiektuan

2025-05-06
Gerolan Hezkuntza

Eskualdeko ikastetxeetako orientazio planak indartzea du helburu proiektuak, eskualdeko eragileekin elkarlanean.

Beste urte betez, amaiera eman diogu Hezkuntza Arloan kokatzen den, Gerolan 2024/2025 proiektuari. Bere helburua, eskualdeko gazteen orientazio akademikoa indartzea da, inguruko sektore ezberdinetako profesionalekin hartu-emana sortuz.  

 Aurtengo ikasturtean 350 ikasle inguruk hartu dute parte prozesuan, hainbat fase landu direlarik bertan: 

  • 9 banakako orientazio hausnarketa saio ikasgeletan gazteekin.  
  • Ikasleen ikasketa interes zehatzak identifikatu, hauek aztertu eta interes talde desberdinen arabera, eragileekin lantzeko interakzio aukerak identifikatu eta diseinatu dira. 
  • Interes hauen arabera 27 bisita ezberdin antolatu dira eskualdeko eragileetara. 

Bisita hauetan eskualdeko sektore ezberdinetako 27 eragilek eta 70 profesional baino gehiagok hartu dute parte. Ikasleek etorkizuneko ikasketak aukeratzeko orduan baliagarriak izango zaizkien esperientzia pertsonal eta lan mundukoak bertatik bertara ezagutu eta dituzten zalantzak argitzeko aukera izan dute.  

Iraurgi Berritzenek proiektu hau orientatzaile talde baten bidez garatzen du, eta talde horretan ikastetxe bakoitzeko orientatzaile batek parte hartzen du. 

Gerolan proiektua baliabide esanguratsua bihurtu da gazteen orientazio prozesuan, informazio garrantzitsua eta erreala eskainiz bertako gazteek dituzten interes zehatzen arabera, eta aldi berean eskualdeko talentuaren erronkari bertako eragile guztien artean modu bateratuan erantzuten lagunduz.  

Marko honetan, oso positiboa da enpresa eta eragile parte-hartzaile, ikasle, orientatzaile, ikastetxe, zein irakasleek egiten duten balorazioa, aurrera begira harreman hauek sendotzen jarraitzeko konpromezua tinkoa delarik.  

Iraurgi Berritzenen izenean, eskerrik asko parte-hartzaile guztiei. 

Jarraian proiektuko ekintzak laburbiltzen dituen bideoa duzue ikusgai:  

 

iraiurgi berritzen, elkarlan saio baten irudia