Iraurgi Berritzenek eta Multiversek antolatutako lan-saioan, 15 enpresetako 20 profesional inguruk teknologia hauen aplikazio praktikoak, aukerak eta finantzaketa-ildoak ezagutzeko aukera izan dute.
Gaur goizean ospatu da Azpeitiko Basazabal Jauregian “Adimen artifiziala eta konputazio kuantikoa: aplikazioak, aukerak eta finantzaketa” izeneko lan-saioa, Iraurgi Berritzenek eta Multiversek elkarlanean antolatuta.
Jardunaldiaren helburua, gaur egun enpresetan garatzen ari diren adimen artifizialaren eta konputazio kuantikoaren aplikazioak gertutik ezagutaraztea izan da, baita teknologia horiek eskaintzen dituzten aukerak eta horiek garatzeko dauden finantzaketa- eta laguntza-ildoak aurkeztea ere.
Lan-saioan guztira 15 enpresetako 20 profesional inguruk hartu dute parte. Bertan, parte-hartzaileek ikuspegi praktiko eta aplikatua jaso dute, sektore ezberdinetako benetako kasuak ezagutuz eta teknologia horiek beren enpresetan aplikatzeko aukera posibleak identifikatzeko tresnak landuz. Multiverseko adituek adimen artifizialaren eta konputazio kuantikoaren aplikazio nagusiak azaldu dituzte, pribatutasuna eta jasangarritasuna bezalako alderdiak ere jorratuz.
Jardunaldian protagonismo berezia izan dute eskualdeko Elkarmedia, Domusa Teknik eta Biele enpresen testigantzek. Enpresek teknologia hauen ezarpenarekin lotutako esperientziak, erronkak eta lortutako emaitzak partekatu dituzte, parte-hartzaileei ikuspegi erreal eta praktikoa eskainiz.
Lan-saioak izaera dinamiko eta parte-hartzailea izan du, enpresetan aplikatzeko aukera posibleak identifikatzeko aukerak landuz. Era berean, finantzaketa-ildoen eta laguntza-eskaeren inguruko orientabide praktikoak ere aurkeztu dira.
Jardunaldia bereziki zuzenduta egon da eskualdeko industria-enpresetako zuzendaritza, berrikuntza eta eraldaketa arduradunei, baita IT eta digitalizazio arduradunei ere. Parte-hartzaileek, gainera, adituekin eta beste profesional batzuekin esperientziak eta ikuspegiak partekatzeko aukera izan dute.
Lan-saio hau Iraurgi Berritzenek eskualdeko industria-enpresen trantsizio teknologiko-digitala bultzatzeko duen estrategiaren baitan kokatzen da, enpresei tresna praktikoak eta ezagutza baliagarria eskainiz, lehiakortasuna indartu eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko.



